Kolorea eta bizitasuna Artixena egunean

Hasier Larrea 2023ko api. 22a, 16:40

Apirilaren 12tik 26ra bitartean Arte Jardunaldiak egiten dabiltza Antixenako gaztetxean. Gaurkoa da egunik indartsuena, goizetik gauerako egitarauarekin. Goizean Arte Irekiak erakustazoka egon da denen eskura, inguruko sortzaileen lanak eta aurreko egunetako tailerretatik ateratako emaitzak ezagutarazteko helburuarekin.

Itxura ederra hartu du gaur Oñatiko gaztetxeak. Joan den domekan auzolanean marraztutako muralari artista eta artisauen postuak gehitu dizkiote aretoan. Ideia kanpoaldean kokatzea zen, baina goizaldeko euriak galarazi egin du asmo hori. Edonola ere, atzo Mutiko Kristal grafitigilearekin egindako tailerreko lanak erakutsi dituzte atearen kanpoaldean.

Eraikinean sartu eta berehala, ostera, Eltziako margolarien lanak egon dira ikusgai. Horietako bat da Edurne Iriondo, eta, azaldu duenez, bakoitzak bizpahiru koadro jarri ditu, teknika ezberdinekin egindakoak eta paisaiak, abstrakzioa eta dibulgazioa jorratzen dutenak. Euren ekarpenarekin jendeari adierazi nahi izan diote Eltziako ateak irekita daudela "modu libre eta autonomoan margotu nahi duenarentzat".

Barrualdean ere margolan ugari jarri dituzte, baina baita tailaz egindako lanak, bitxiak, apaingariak, oihalak eta arropa. Gaztetxeko kideen asmoetako izan da "hasiberria den jendeari tokia eskaintzea, produktuak saltzeko baino gehiago, egiten dutena erakusteko". Gainera, Arte Jardunaldien baitako argazki estenopeiko, buztin eta serigrafia tailerretan egin dutena ere erakutsi gura izan dute. Izan ere, bi asteotako egitarau intentsoari urtean zehar jarraipena emateko motiboak ikusten dituzte, esaterako, tailer horietan oinarritutako talde finkoak sortuta, interesa eta gogoa egonez gero. Bestalde, hennarekin gorputz atalak margotzeko aukera ere izan dute bisitariek.

Datorren asteazkenera arte, egunero zeozer

Bazkari herrikoia egin dute eguerdian, eta, ostean Bingo Drageatua ikuskizunaz gozatu dute, Garazi La Fantasik eta Alicia Kissen eskutik. 20:00etan Silitia taldearen kontzertuarekin borobilduko dute Artixena eguna.

Arte Jardunaldiek datorren eguaztenera arte iraungo dute. Hala, bihar haurrentzako ekintzak egingo ditzute Antixenan, astelehenean Bomb it dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia, martitzenean Photoshop II ikastaroa eta eguaztenean auzolana.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak