Bizigazte: Co-living eta co-working gunea izeneko ekimenaren berri eman du alderdi popularreko alkategai Ricardo Guisadok prentsa ohar bidez. Ekimen horren bidez, Oñatiko PPk "gazteak emantzipatzeko eta modu kooperatiboan bizitzeko eta lan egiteko lekuak" sortu gura ditu.
Gazteendako egoitzen alde egin gura duela dio, "non gazteek euren etxea sortzea lortzen duten bitartean denbora batez bizi ahal izango duten prezio merke baten truke". Egoitza horiek, aldi berean, beste coworking gune batzuekin koordinatzeko aukera izango luketela gaineratu du, "gazteek elkarrekin bizi eta
modu kooperatiboan lan egin ahal izan dezaten". Irakaslerik gabeko "peer to peer" guneak lirake, 24 orduz irekiak –42 Urduliz gunea jarri du adibide–. Oñatirako ekimena programazioaren mundurako ez ezik, enpresa digitalak, teknologikoak eta landa-ingurunekoak sortzeko ere izatea proposatu du Guisadok.
Oñatiko PPrendako "funtsezkoa" da bi mundu horiek lotuta egotea, "lankidetza horretatik oso ekimen eta proiektu interesgarri eta aberasgarriak" atera ahal direlako. Aurreratu du gune horiek herriko eraikin zaharrak birgaituz sor daitezkeela: "Beste alderdi batzuek gazteria komunitaristaren kontzeptua dute, baina PPn norbanakoaren ekimenetik sinesten dugu lankidetzan, eta hori da gazteak mugiarazten dituena". Gaineratu du gazteak direla euren lehentasunetako bat: "Egungo korporazioak betetzen ez dituen beharrak ditu".