Gorabeheren denboraldia ez da oraindik amaitu

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko api. 21a, 11:00

Aloña Mendiko jokalari bat jaurtiketa egiteko unean. Argazkia: Imanol Soriano

Aloña Mendiko eskubaloiko senior mailako mutilen taldeak jaitsiera fasea jokatu du aurten, eta laugarren postuan amaitu du. orain, beste emaitza batzuen zain dago, hurrengo denboraldian Euskadiko txapelketan jarraituko duen edo ez jakiteko

Fagor Professional Aloña Mendik Aste Santua iritsi aurretik amaitu zuen jokatzen ari zen jaitsiera fasea, Urdaneta taldeari 25-37 irabazita. Garaipen horrekin, laugarren tokian amaitu dute txantxikuarrek; hasiera batean, maila mantentzeko balio beharko zuen postua. Denboraldia, ordea, ez da amaitu Aloña Mendikoentzat, hurrengo asteean adi jarraitu beharko dute-eta igoera fasean gertatzen dena eta Lehen Maila Nazionalean gertatzen dena; askotariko aukerak daude zabalik.

Alde batetik, Maila Nazionaletik Euskal Autonomia Erkidegoko talderenbatek maila galduz gero, horrek Aloña Mendiri maila galtzea ekarriko lioke. Hain zuzen ere, hiru jardunaldi gelditzen dira Maila Nazionaleko liga amaitzeko eta Elgoibar da azken sailkatua, salbazioa sei puntura duela; beraz, kontrakorik ezean, gipuzkoarrek maila galduko dute, Aloñari zuzenean eraginda. Hala ere, ez da automatikoki jaitsiko, mailari eusteko beste ate bat zabalik dago eta; Aloñaren kategoriako lehen bi sailkatuek lortuko duten emaitzek baldintzatuta.

Txantxikuarren kategorian, jaitsiera fasea bezala, igoera fasea jokatu dute gainontzeko taldeek. Hala, Zarautz eta Basauri izan dira lehen biak, eta haiek datorren denboraldian Maila Nazionalean izateko txartela izango dute jokoan hurrengo asteetan jokatuko diren kanporaketetan. Bietako batek igotzea lortuz gero, Aloñak maila mantenduko luke, azken horiek EAEko taldeak direla kontuan hartuta. Bietako inork ez badu igoera lortzen eta horri Elgoibarren maila galtzea batuz gero, Aloña Mendi datorren denboraldian Gipuzkoako senior mailan arituko litzateke, urte askoren ostean.

Denboraldi zaila aurtengoa

Egiari zor, aurtengoa ez da denboraldi erraza izaten ari Aloña Mendiko eskubaloi taldearentzat, eta halaxe izango da denboraldi amaierara arte. Gogoratu behar da taldeak entrenatzaile gabe ekin ziola aurtengo lehiaketari, horrek ekarri ditzakeen ondorioez jakitun zirela. Azkenean, Jon Ander Osinagak eta Iñaki Zabartek hartu zuten taldea zuzentzeko ardura, eta, egindako lana handia izan arren, hasierako arazoak denboraldi osoan izan dituzte.

Emaitzek ez diete bereziki lagundu eta lehenengo fase erregularrean ez zuten igoera faserako sailkatzerik lortu, non aurreko denboraldian hirugarren izan ziren. Jaitsiera fasean ere
lehia estua izan dute eta gogotik
egin behar izan dute lan laugarren tokian amaitzeko. Horrek, ordea, ez die lasaitasunik ekarri izan ere, kantxetan ez bada ere, lehian izango dira oraindik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak