Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna izan zen apirilaren 2a eta Liburuarena izango da hilaren 23a. Hilabete berezia da apirila udal liburutegiko langileendako eta hori ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte erabiltzaileendako zein herritar denendako: idazle eta ilustratzaileekin topaketak, txikientzako antzerkia, dokumentala eta poesia eta musika uztartuko dituen emanaldia.
Idazketa literarioaren tailerrak zabalik jarraitzen du, baita irakurketa taldeak ere, euskaraz eta gaztelaniaz. Hala, gaurko saioa euskarazko irakurle taldeak prestatutakoa izango da, baina herritar guztiei zuzendutakoa. Ohiko dinamizatzaileak, Miriam Lukik, gidatuko du eta idazlearekin batera hitz egingo dute irakurri duten azken liburuaz: Uxue Apaolazaren Bihurguneko nasa –2022ko Euskadi literatura saria–. Bihar, eguaztena, gauza bera egingo dute gaztelaniazko irakurketa taldeak prestatu duen saioarekin ere. Helice liburua izango dute eskuartean eta Mikel Begoña eta Iñaket, idazlea eta ilustratzailea, etorriko dira herritarrekin solasean aritzea. Saio biak 18:30ean izango dira, zinema aretoan.
Filmak, musika eta ipuinak ere bai
Komikiak, antzerkia, klasikoak, poesia, ezagupen liburuak, saiakerak... era guztietako liburuak maite dituzte udal liburutegian baina baita musika eta zinema ere, adibidez. Horregatik, izango dira diziplina bi horiek entzuteko eta ikusteko aukerak ere. Datorren astean izango da hori. Hilaren 25ean, Lerro tunelak izeneko emanaldia egingo dute, elkarrekin, bi oñatiarrek: poesiak errezitatuko ditu Itziar Ugartek eta zuzeneko musika jarriko du Iban Yanizek.
Hilaren 27an, berriz, 1 eta 3 urte bitarteko umeendako ipuin kontaketa egingo du Glu Glu taldeak: Colectivo Humo. Proposamen bisual poetikoa da. Ia testurik gabe, ura da protagonista: ura itsaso, bizitza eta jolas gisa. Haurtxoek itsas sakonean barrena bidaia magikoa egingo dute. 18:00etan izango da, haur liburutegian.
Eta hileko azken asteko zineklubeko filma ere liburuari lotutakoa izango da: Maria Elorza (Gasteiz, 1988) egilearen A los libros y a las mujeres canto dokumentala. Eguenero moduan, 20:00etan izango da emanaldia, zinema aretoan.