Zaragozako Ejea de los Caballeros herriko abesbatzen lehiaketak 50. urteurrena zuen aurten eta "lehiaketen lehiaketa" prestatu dute urteurren borobilerako. Hala, azken urteetan sarituak izan diren bederatzi abesbatza gonbidatu dituzte bertan parte hartzera, tartean Ganbara Abesbatza. Izan ere, Ganbara Abesbatzarendako eszenatoki ezaguna da Ejea de los Caballerosekoa. 2013ko lehiaketa irabazi zuen eta 2014an, bertan ospatu zen Grand Prix lehiaketan ere lehenengo saria eskuratu zuen. Kuttuna du, beraz, Ganbarak, Zaragozako sariketa.
Atzo irten ziren abesbatzakoak taula gainera eta ederki defendatu zuten errepertorioa. "Egin genuena baino hobeto ezin genuen egin. Dena ondo neurtuta eraman genuen, eszenaratzea, musika... prozesua oso gogorra izan da, lan handia egin dugu eta atzoko emaitzarekin oso-oso pozik gaude".
Lau piezaz osatutako errepertorioa interpretatu zuen atzo Ganbara Abesbatzak. Javi Bustok moldatutako S’ha feito de nuey -Aragoiko musika eta Ganbara Abesbatzak hango lehiaketa irabazi duen bi alditan abestutako pieza–, Laubibus –estilo barrokoko pieza–, Iuppitter –garaikidea– eta Josu Elberdinek moldatutako Aldapeko abesti ezagunaren bertsioa.