Laneko Autodefentsa Sarea aurkeztu du Oñatin, Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak

Miren Arregi Amasorrain 2023ko api. 15a, 15:39

"Lan esparruan antolakuntzarako eta borrokarako espazioak" garatzen joateko apustua egiten du modu honetan Kontseilu Sozialistak. Laneko Autodefentsa Sarea, lan esparruan ematen diren "gehiegikeriei zein inpunitateari aurre egiteko tresna" izango da. Atzo, egubakoitza, aurkeztu zuten ekimena, Oñatin.

Iruñerriko Laneko Autodefentsa Sarea edota Deba Bailarako Lubaki dira aurrekariak. Hala, urrats bat gehiago egiteko unea dela iritzita eta Lubakik bere ibilbidea bukatutzat emanda, Deba Bailarako Autodefentsa Sarea eratu dute. "Euskal Herrian ematen hasi zen sindikalgintza berri batetik abiatzen da, Lubakitik ematen den garapen bat", azaldu du Beñat Ugaldek, Deba Bailarako Laneko Autofedentsa Sareko kideak.

"Lan arloan ematen diren zapalkuntzei eta eskubide urraketei aurre egitea" funtsezko ikusten du Kontseilu Sozialistak eta diote, antolaketa eta klase batasuna direla horretarako giltza. Azaldu dute, "sistema kapitalistaren baitan ematen direla esplotazioa, langabezia estrukturala, kontraturik gabeko lanak, etxebizitzarako eskubideri eza...", eta babesgabetasun horri erantzuteko Sarea dela sortu berri dena.

Hala, Laneko Autodefentsa Saretik, informazioa zein laguntza juridikoa eskainiko zaio eskatzen duen orori eta beharra ikusiz gero, presio mekanismo desberdinak ere garatuko dira.

Oñatiko aurkezpenean aurreratutakoaren arabera, bestalde, etorkinekin lanean ari diren elkarteekin harremanetan ere badaude, "sindikalismo tradizionala iristen ez den eremu bat dela uste baitute, eta eurendako tresna erabilgarri bat izan daitekeelako". Aurreratu dute, hasteko, etxeko langileen sektorearekin hasiko direla lanean, besteak albo batera utzi barik.

Laster, Arrasaten bulego bat zabaltzea da asmoa, eta bertan astean ordu batzuez aholkularitza ematea. Bien bitartean, las.debabailara@gmail.com helbidea eta 632863874 telefonoa utzi dituzte beharra duen ororen eskura.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak