Erramu-domeka animatua Oñatiko San Migel parrokian

Txomin Madina Milikua 2023ko api. 2a, 17:39

Sare sozialetan bolo-bolo zabaldu dira gaur, Erramu-domeka, Oñatiko San Migel parrokian izan den meza nagusian grabatutako zenbait bideo. Astoa sartu dute parrokian, eta katekesiko neska-mutikoek azkenaldian hain ezaguna egin den Jerusalema abestia dantzatu dute.

Erramu-domeka da gaur, Eliza Katolikoaren egutegian egun esanguratsua. Eta Oñatiko San Migel parrokian, hasiera batean berezia dirudien meza nagusia izan dute: astoa sartu da bertan, eta katekesian dabiltzan neska-mutikoak dantzan ere ibili dira. Azkar zabaldu dira sare sozialetan horiek jasotzen dituzten bideoak.

"Hilean behin, katekesian dabilen umeen meza familiekin egiten dugu eta aspaldiko ohitura da neska-mutiko horiek Erramu-domekako mezan parte hartzea. Astoa ere ekartzen da baserri batetik; gaur, euriagatik, ezin izan dugu parrokiara kanpotik ekarri, baina klaustroan eman dugu buelta bat", azaldu du Oñatiko parroko Horazio Argaratek.

Jesus Jerusalemen sartu zen eguna

Argaratek berak gidatu ditu neska-mutikoak Jerusalema dantzatzeko orduan: "Erramu-domekan ospatzen dena da Jesus Jerusalemera sartu zela. Azkenaldian, pandemia garaian, Jersualema kantua oso ezaguna egin da medikuek, azafatek eta hainbat kolektibok egindako bideoengatik, eta guk ere egitea erabaki dugu".

Mezako bideoak sare sozialetan izaten ari diren oihartzunaz jakitun, ez dio aparteko garrantzirik eman Oñatiko parrokoari: "Batzuei gustatuko zaie, beste batzuei ez, baina nire partetik ez dago zabaltzeko arazorik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak