Iaz Aretxabaletan egin zuten Bailarako Dantzari Eguna, Leizarra Musika Eskolak antolatuta, eta bihar, zapatua, Oñatiko Oñatz Dantza Taldekoek egingo dituzte anfitrioi-lanak. Iaz moduan, eskualdeko bost talde batuko dira biharko topaketan: herrikoez gainera, Arrasateko Arrostaitz eta Lore Gazteak taldekoak, Aretxabaletako Leizarra Dantza Taldekoak eta Antzuolako Oinarin taldekoak, elkarrekin goiz-pasa ederra egin eta herritarrei zein eskualdetik joango diren euskal dantza zaleei erakustaldi politak eskaintzeko.
Kalejira eta emanaldia
Erdiguneko kaleetan zehar 11:30etan hasita egingo duten kalejirarekin ekingo diote biharko topaketari, eta, ondoren, 12:00etan hasiko da ekitaldi nagusia; hau da, Foruen Plazan elkarrekin egingo duten dantza emanaldia. Eguraldi txarra eginez gero, ekitaldi nagusia Zubikoa kiroldegian egingo dute. "Ilusio eta gogo handiz prestatu dugu biharko topaketa eta irrikaz gaude elkarrekin egun polita pasatzeko. Animatu eta etorri, bada!", diote antolatzaileek.