Amaia Erostarbe EAJko alkategaiak entzute-ariketa jarri du martxan "oñatiarren iritzia zuzenean entzuteko eta jasotzeko". Horien bitartez, Oñatiko EAJk "oñatiarren beharrak, nahiak eta proposamenak zuzenean entzun eta jaso" nahi ditu, "Oñatik aurrera egiten jarraitu dezan". Horretarako, martxoaren 29an, 31n, eta apirilaren 1ean, San Lorentzon, Bidebarrietan eta Oñatiko plazan egongo dira, hurrenez-hurren, herritarren ekarpenak jasotzeko. Bihar, eguaztena, eta egubakoitzean 17:30etik 19:00etara egongo da eta zapatuan, 11:30etik 13:00etara.
Horrez gain, baliabide telematikoak ere jarri ditu oñatiarren eskura. Telefono zenbakia: 747 474 480; e-posta: eajpnvonati@gmail.com eta https://labur.eus/onatientzunez helbidea. Interesdunek alkategaiarekin batzeko eta proposamenak egiteko erabil ditzakete bide horeik.
Bestalde, Erostarbek entzute-ariketaz baliatu nahi du elkarteekin, erakundeekin eta auzoetako
bizilagunekin elkartzeko eta hitzordua adosteko. Erostarbek adierazi du, prentsa ohar bidez, dagoeneko elkartu dela elkarte eta eragile batzuekin: "Behin eta berriz esan dudan moduan, Oñati eta oñatiarren etorkizuna herritarrekin eta elkarlanean eraiki nahi dut, eta, horregatik, oso aberasgarria izaten ari da herriko elkarte eta eragileekin elkartzea eta haiei entzutea".