Oñati errealitate birtual bidez bisitatzeko aukera

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko mar. 24a, 09:00

Errealitate birtualeko betaurrekoekin ikusi ahal izango dira Arrikrutz Kobak. (Argazkia: O.G.T.A.).

Bihartik aurrera errealitate birtualeko betaurrekoekin ikusi ahal izango dira Arrikrutz Kobak, Oñatiko Unibertsitatea eta Arantzazuko Santutegia, bertaratu gabe; gainera, Kobazuloen Eguna ospatuko da asteburuan eta ekintzak antolatu dituzte Arrikrutzen.

Martxoaren 25etik aurrera, errealitate birtualean ikusteko diren betaurrekoak jantzi eta 360 gradutan ikusi ahal izango dira Arrikrutz kobak. Horrela,
kobazuloetan barrena ibili ahal
izango dira herritarrak eta haitzuloko ondare paleontologikoa, espeleologikoa eta mitologikoa ezagutuko dituzte, hara sartu gabe. Gainera, ibilbide birtualean zehar, off ahots batek azalduko die ikusten ari diren horren inguruko informazioa. Hamabi minutu iraungo du eta Arrikrutz koban bertan eskainiko da.

Irisgarritasunaren aldeko beste pauso bat dela adierazi du Oñatiko Turismo teknikari Ikerne Altubek; izan ere, mugikortasun arazoak dituztenek dagoeneko badaukate aukera Joelette aulkiekin barrura sartu ahal izateko: "Hau beste pauso bat da. Betaurreko horiekin ez dago koba barrura sartu beharrik barrukoa den bezala ikusteko".

Modu horretan, Arrikrutzeko 53. galeria, Aldaola errekako ikuspegi osoa eta Marcel Loubens galeria xehetasun guztiekin erakutsiko dituzte betaurreko horiekin. Gainera, gune haietan grabatu zituzten Paul Urkijoren Irati filmeko zenbait pasarte. Adibidez, Eneko pertsonaia lurrera jausten den momentua da horietako bat. Arrikrutzeko eszentrika ere ikusiko dute betaurreko horiekin.

Oñati, 360 gradutan

Halaber, Oñati ezagutzeko ere errealitate birtualeko betaurrekoak jarriko dituzte Oñatiko eta Arantzazuko turismo bulegoetan; hura ere martxoaren 25ean jarriko dute martxan. Kasu horretan, lau minutuko bidaian murgilduko dira erabiltzaileak, eta Oñatiko Unibertsitatea, Arantzazuko Santutegia eta Arrikrutzeko 53. galeria ikusiko dituzte betaurrekoen bidez.

Kobazuloen XIII. eguna

Gainera, asteburu honetan ospatuko dute Kobazuloen XIII. Eguna Lurpean egitasmoko kobek, eta Euskal Herriko zortzi kobazuloen artean bisitatu ahal
izango da Arrikrutzekoa zapatuan
eta domekan. Espeleotxiki bisita egingo dute bihar, eta 6 urtetik gorako haurrek eta familiek hartu ahal izango dute parte. 53. galerian dauden historiaurreko animalien erreplikak ikustean gain, kobazuloa bere egoera naturalean ezagutuko dute bisitariek.

Bestalde, hilaren 26an, Koben Eguna ospatzen jarraitzeko, Arrikrutzeko 53. galeriako bisita turistikoak erdi prezioan egiteko aukera egongo da. Zozketak ere egingo dituzte bisitarien artean. Bi egunetako bisitaldiak egiteko aurrez erreserba egiteko eskatu dute antolatzaileek, 943 08 20 00 telefono-zenbakira deituta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak