Zabaldu dute euskal komikiei buruzko erakusketa

Hasier Larrea 2023ko mar. 21a, 16:19

Euskal komikigintzaren azken 45 urteen errepasoa egiten duten 36 panelak ikusgai daude Oñatiko kultura etxeko erakusketa aretoan. Atzo inauguratu zuten, Mikel Begoña komikilari eta erakusketako komisarioaren eskutik. Ekimena aproposa da garai bakoitzeko gaiak, testuingurua eta estetika binetetan nola islatu diren jakiteko, baita euskal komikigileen berri izateko ere.

Martxoaren 31ra arte bisitatu ahalko da Euskal komikia 1975etik 2020ra izeneko erakusketa ibiltaria. Bizkaiko Foru Aldundiak sustatuta, Oñati du Gipuzkoako lehen geralekua. 1975eko argitalpenekin hasita, hamarkadaka sailkatuta daude panelak. Komikiaren adarrak direnez gero, fanzineek –Oñatiko KRO fanzineak, tartean– eta eleberri grafikoek ere euren atala daukate.

Ate irekieran Mikel Begoñak azaldu duenez, gaur egun "loraldia" bizi du euskal komikiak, inoiz baino ale gehiago argitaratzen direlako. Horrek laguntzen du komikiekiko zaletasuna hazten. Oñatin, esaterako,  komikiak irakurtzeko eta komentatzeko taldea egongo da aurrerantzean udal liburutegian, Tertulixan egitasmoko hirugarren taldea, alegia. Gaur arratsaldean egingo dute lehen saioa: Josune Urrutiaren Hoy no es mi día landuko dute, emakumea eta minbizia gaitzat duen lana. Kike Infame da dinamizatzailea.

Erakusketarekin batera, umeendako komiki tailerreko bi saio egingo dituzte Usue Egiarekin.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak