Irisgarritasun hobea eta segurtasun handiagoa ditu orain Lezesarri auzoak

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko mar. 21a, 08:44

Azkoagainetik Urrintxo pareraino oinezkoendako bidea egokitu eta argiteria aldatu dute. Bestetik, estutu egin dute errepidea, ibilgailuen abiadura moteltzeko. 2007an egin zuen auzoak lehen eskaera.

Lezesarri auzoko irisgarritasun eta segurtasun lanak bukatu dituzte. Oinezkoendako bidea egin dute, errepide izkinatik, Azkoagain parean hasi eta Urrintxoraino –Arantzazurako bidean, errepidearen ezkerretik hasieran eta eskuma aldetik amaieran– eta irla batzuk ere jarri dituzte errepide erdian, ibilgailuen abiadura moteltzeko. 300.000 euroko kostua izan dute lanek, gutxi gora behera. Beste 30.000 euro izan da argiteria aldatzea; auzotarren eta Udalaren artean ordaindu dira lan horiek.

Pozik auzotarrak

Auzotarrek duela hamasei urte eskatu zuten irisgarritasun eta segurtasun arazoei erantzuteko. Aloña Menditik ere jaso dute Udalean eskaera berdina, gurasoak kezkatuta daudela, lekua arriskutsua dela esanez. Egindako lan hauekin pozik daude auzotarrak. "2007an egin genuen lehen eskaera. Denbora eta dirua kosta da, baina pozik gaude. Inbertsioa izan da hau, ez da auzotarrendako bakarrik, herritar denendako hobekuntzak dira. Aurrekontu parte-hartzailetan ere beti agertu da Jaumendi aldera edo honantz lanak egiteko eskaera, adibidez", dio Lezesarriko auzo alkateak, Eukene Urzelaik, Azkoagain inguruan aparkatzeko ohitura horrek errotuta jarraitzen duela gaineratuz. Horrela geldituko dira, egun, gune horretako lan horiek, baina ez da baztertzen Arantzazu aldera, gora, jarraitzea oinezkoen bideak. "Arantzazuk, frantziskotarrek, Uribarrik, Araotzek eta Lezesarrik eginda dugu eskaera bateratu bat udaletxera, duela 10-12 urte, bidegorri moduko bat Arantzazuraino egiteko", gaineratu du Urzelaik.

Lezesarriko lan hauekin batera, asfaltatze lanak ere egin dituzte Arantzazuko Ama kalean eta Azkoagain inguruan eta Elkar Hezi ikastetxeko pareko urak bideratzekoak ere bai. Beste 200.000 euro inguru izan dira horiek, udal ordezkarien esanetan.

Beste auzo batzuetan

Izaro Elorza alkateak adierazi duen moduan, Udalak jarraituko du "auzoen beharrak identifikatzen eta auzotarrekin batera kontrastatzen eta gauzatzen". Gune horretakoak bukatutzat ematen dituzte baina herrigunetik gertu dauden beste landa gunetan badaudela beharrak aitortu du. Goribar eta Torreauzo inguruko lanak aipatu ditu, horien gauzatzeko plana martxan dagoela esanez.

Arantzazu Ama kalean Udal brigadak egindako euri-uren jasotze lanak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak