Andres de Regil mendiko eski lasterketa irabazi du Axier Alonsok

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko mar. 19a, 13:28

Axier Alonso podium gainean. Argazkia: Axier Alonso

Jon Ander Aranburu zumarragarrarekin osatu du bikotea eta azkarrenak izan dira esprint-ean amaitu den lasterketan

Axier Alonsok emaitza bikainak lortzen jarraitzen du eta sasoiko dagoela ere argi uzten du. Pasa den astean Pierra Menta lasterketan 30. postuan amaitu ondoren, asteburu honetan, Andres de Regil mendiko eski lasterketako azkarren izan da, bikoteka, Jon Ander Aranburu zumarragarrarekin; biak Euskal Selekzioko kide.

Hemeretzi kilometro eta 1800 desnibel positiboko lasterketan onenak izan dira. Alonsok berak GOIENA-ri aitortu dionez "baldintza onak" izan dituzte eta "erraz eskiatzeko" proba aurkitu dute parean.

Lasterketaren hasieratik hiru bikote jarri dira buruan eta hauen arteko lehia egon da helmugaraino. Alonsok eta Aranburuk bikote nafar bat eta kantabriar bat izan dituzte aurkari, nahiz eta azken txanpan bikote kantabriarra atzean gelditu den. Alonsok aipatu duenez horrelako lasterketan jaitsiera batekin amaitu ohi dira, baina oraingoan helmugara iristeko igoera bat burutu beharra zuten. Azken metro horietan erabaki da lasterketa eta hor bikote gipuzkoarra gailendu da azken esprint baten ostean.

Podiumeko goiko mailan jarri da beraz Alonso eta normala den moduan "pozik" agertu da eta "sentsazio onak" izan dituela ere gaineratu du. Lasterketa gainera Euskal Herriko bikotekako txapelketa ere izan da eta hor ere garaile izan dira Alonso eta Aranburu.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak