Ruper Arkauz: "Ez dut inoiz ahaztuko aurtengo martxoaren 11"

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko mar. 19a, 09:36
Ruper Arkauz Kortabarria.

Aloña Mendiko txirrindularitza sailean urte askotan egindako lana eta ibilbidea eskertzeko, omenaldia jaso zuen Ruper Arkauz Kortabarriak (Oñati, 1964), txirrindulari gaztetxoek prestatutako ekitaldian.

Nolakoa izan zen omenaldia?

Ezustekoa eta oso polita. Ingurukoek, etxekoek eta txirrindulari guztiek zekiten, baina nik ez, eta sekulako sorpresa hartu nuen.

Ondo gorde zuten denek sekretua.

Bai, bai. Lasterketa egunetan beti ibiltzen naiz laguntzen: helmuga jartzen, autoarekin... Dena delakoa egiten. Argazkiak ateratzea ere gustatzen zait, eta horretan aritzeko eskatu zidaten. Eta podiumeko argazkiak ateratzen ari nintzela, hara non entzuten nuen nire izena. Sekulakoa izan zen, oso-oso polita.

Ondo prestatutakoa, gainera.

Ondo asmatu zuten, bai, neure ibilbidearen irudia izan zen hori: txistua jotzen ume bat –neu ere ibilitakoa umetatik–, dantzan –dantzan gertutik ibili naiz–, txirrindulari gaztetxoak aurreskua egiten –umeekin beti harreman ona izan dut eta gustatu izan zait eurekin lan egitea–, bertsoa ere bai –umetan nire taldean ibilitako batek– eta merienda eta afaria ere bai ostean. Ez dut inoiz ahaztuko aurtengo martxoaren 11.

Oparia ere jaso zenuen, gainera.

Horretan ere bete-betean asmatu zuten: txaleko bat, atzean antolakuntza, nire izena eta jefe jefia jartzen duena. Behin, lasterketaren batera zerbait konkretua eramateko esan omen nien umeei, eta horren berri eman zuen euretako batek etxean, "jefe jefiak" esan zuela esanez. Makina bat barre egin dugu horren harira, eta horrekin ere akordatu dira. Sekulakoa izan da. Eskerrak eman gura dizkiet denei. Urte asko egin ditut txirrindularitza sailari lotuta; zuzendaritzan ere bai. Indartsu ikusten dut orain saila, eta erretiratzea pentsatu dut, baina laguntzen jarraituko dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak