Joanes Goitisolo eta Helene Alberdi nagusi Oñatiko duatloian

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko mar. 18a, 20:28

Euriak, haizeak eta hotzak baldintzatutakoa izan da Oñatiko duatloiaren hogeita hamargarren edizioa. Gizonezkoetan, Joanes Goitisolorentzat izan da garaipena eta emakumezkoetan, aldiz, faborito nagusiarentzat, Helene Alberdirentzat. Duatloi egokituan, berriz, Alfonso Lopezek irabazi du.

Duatletek hasiera eguzkitsua izan duten arren, berehala iritsi dira euri zaparrada mardulak eta haizea, eta horrek asko zaildu du lasterketa. Gizonezkoetan, Peñota Dental Alusigma taldeko hiru duatletak osatu dute podiuma eta Joanes Goitisolo izan da denetan azkarrena (1:54:43).

Joanes Goitisolo, helmugan.

Aimar Murua taldekidearekin egin du ia lasterketa osoa gernikarrak. "Hasieratik Aimarrekin adostu dut elkarri laguntzea eta azkenera arte horrela izan da. Gero, hitz egin dugu bizkorrenak irabaz zezala, eta ni iritsi naiz lehenengo helmugara", azaldu du.

Trantsizioan hainbat arazo izan dituela onartu du Goitisolok. "Zirkulazio arazoak ditut eskuetan eta hanketan eta hotz handia egiten duen egunetan asko kostatzen zait atzamarretan ukimena izatea. Hori dela eta, momentu batean ezin izan dut kaskoa kendu, eta larritu ere egin naiz. 25 bat segundo galdu ditut eta horren amorrazioarekin-edo, lehenengo kilometroa oso azkar egin eta Aimar harrapatu dut. Ikusi dut erritmo aldaketarik ez zeukala eta nik nirea mantendu ezkero ezingo zidala jarraitu, eta hala izan da".  Aitor San Vicente taldekidea izan da hirugarren sailkatua.

Emakumezkoetan, faboritoa nagusi

Emakumezkoetan, Yepa! Triatloi Klubeko Helene Alberdi faboritoak ez die aukerarik eman aurkariei eta hark irabazi du aurtengoan ere (2:11:57). "Agian kanpotik erraz ikusi da, baina nik behintzat asko sufritu dut", nabarmendu du. "Ibilbidean zehar askotan gurutzatzen gara eta ni ere erreferentziak hartzen joan naiz. Hasieran tartea zabaldu dudan arren, ez da inoiz tarte handia izan eta banekien ezin nuela hanka altxa; une oro estutu behar izan dut. Beraz, sufritutako garaipena izan da". 

Helene Alberdi, helmugan.

Enara Oronoz izan da atzetik jarraika izan duena eta garaipena lortzerik izan ez badu ere, lasterketa borobila egin du Saltoki Trikideak taldeko lasterkariak. Halaber, podiumeko hirugarren koxkatxora Besaide Astobiza igo da.

Sailkapenak

Emakumezkoak

  1. Helene Alberdi (2:11:57).
  2. Enara Oronoz (+01'25").
  3. Besaide Astobiza (+10'24").

Gizonezkoak

  1. Joanes Goitisolo (1:54:43).
  2. Aimar Murua (+00'31").
  3. Aitor San Vicente (+00'51").

Egokitua

  1. Alfonso Perez.
  2. Joseba Azkarate.

Alfonso Perez, helmugan.

Oharra: bihar, domeka, informazio osatua eta argazki guztiak egongo dira ikusgai. Etzi, astelehena, gaurko duatloiak emandako guztia, 'Harmailatik' saioan.

Erlazionatuak

Oñatiko duatloia, iruditan

Xabier Urtzelai 2023 mar 19 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak