Martxoaren 18an egingo da aurtengo Oñatiko duatloia; 30.a izango da. Euskal Herriko duatloi proba zaharrena da. 11:00etan izango da umeena eta 16:00etan, aldiz, nagusiena. Berritasun asko ditu aurtengo probak eta Euskadiko Txapelketa ere duatloi horretan jokatuko da.
Ohiko distantzia izango du aurtengo duatloiak, ezta?
Bai, hori da: hamar kilometro korrika, 40 bizikleta gainean eta azkenengo bostak ere korrika.
Udana itxita egoteak baldintzatu egin zuen iaz errepideko zirkuitua; aurtengoa nondik norakoa izango da?
Aurtengo aldapak Urtiagaingoak izango dira. Elorregi aldera joango dira lehenengo, eta handik bueltan Urtiagain igoko dute. Bigarren itzulia motzagoa izango da eta Santipillaotik pasako dira, baina ez dira berriz Urtiagaineraino helduko.
Plazan bertan egongo da irteera eta amaiera puntua, baina ez betiko tokian; non jarriko duzue helmuga? Eta boxak?
Helmuga plazan egongo da, bai, baina plaza erdian, ez aurreko urteetako tokian. Ondorioz, boxak ere lekuz aldatu ditugu, plaza erditik kenduta. Aurten, Atzeko kalean utziko dituzte bizikletak, behar dituztenerako; plazatik gora kolokatuko ditugu.
Duatloi egokitua ere bueltatuko da aurten.
Bai. Duela bi urte egin genuen eta joan den urtean ez, proba bera ere ez zelako izan ohikoa. Baina aurtengoak betiko osagarri guztiak izango ditu, berritasun asko barne, eta berriz egongo da duatloi egokitua, bai.
Izan ere, sari banaketan ere egongo dira berrikuntzak: sari gehiago emango dituzue aurten.
Aurten pentsatu dugu kategoria guztietan osatzea podiuma, eta, hortaz, bai, normalean baino sari gehiago banatuko ditugu. Orain arte, beteranoetan, adibidez, lehenengoei bakarrik ematen genien saria, baina aurten maila guztietan emango ditugu hiru; podiuma osatzen duten hirurak sarituko ditugu.
Proban zehar jarritako kamerekin eta motorretan eramaten dituzuenekin zuzenean eskaini izan duzue proba aurrekoetan; aurten ere bai?
Bai. Aurten, gainera, pantaila erraldoia jarriko dugu plazan eta jendeak zuzenean jarraitu ahal izango du lasterketa osoa. Aurreko urteetako esperientzia oinarri, hor ere beste berrikuntza bat izango dugu.
Zer gelditzen zaizue lotzeko?
Berritasun asko ditu aurtengo probak eta denak ondo prestatzen eta lotzen ibili gara lanean taldeko denok. Orain, egunera begira gaude. Boluntario-taldea ari da osatzen, eta eskertuta gaude. Boluntario asko beharko ditugu egunean eta laguntzeko prest dauden guztiak izango dira ongi etorriak