Oses azken orduko aldaketa izan zen. Andrea Capellan ikas bidaian zen eta ezin izan zuen jokatu, eta oñatiarrak azken orduan ordezkatu zuen. Capellan oso maila onean ari zen jokatzen eta Oses hitzorduak exijitzen zuen mailan egon zen. Partida parekatua jokatu zuten eta amaiera arte ez zen bikoterik nagusitu; azkenean, 22-16 nagusitu ziren. "Partida polita izan zen, biok asko disfrutatu genuen. Hasieran urduritasuna nabarmena zen, finalerdietan normala den bezala, baina, azkenean, helburua lortu genuen", adierazi zuen Osesek.
Finala martxoaren 26an izango da, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan, Aldai eta Mendizabal bizkaitarren aurka. Finalerdietan Miren Larrarte eta Miriam Arrillagarri 22-18 irabazi eta gero, oso momentu onean heldu dira finalera. Osesek esan zuen bezala, "gaur egun punta-puntako pilotariak dira. Norgehiagoka gogorra izango da, bikote indartsuaren aurka; guk ikuskizuna emango dugu eta, ahal den heinean, irabazi". Bi bizkaitarrak protagonistak izan dira euren aurrez aurrekoetan, eta ez diete inongo erraztasunik emango, baina partida polita biziko da Zarautzen.