Lau golen aldea zutela, aurretik, joan dira atsedenaldira Aloña Mendi - Fagor Industrial taldeko jokalariak. Baina bigarren zatia ez da bestelakoa izan da. Lehiatua izan arren, azken minutuetan talde aurkariak sartu dituen golek ez dute erantzunik izan eta azkenean 28-32 galdu dute etxean, Zubikoan. "Etxean ezin dugu galdu", zioen Jon Ander Osinaga entrenatzaileak.
Partidua bukatzeko bospasei minutu falta zirela hartu du abantaila kanpoko taldeak. Makina bat saiakera egin dituzte etxekoek, baina baloia ez da gura beste denetan atean sartu. "Euren atezaina oso ondo ibili da bigarren zatian. Guk ez dugu gaizki jokatu, baina, mentalki, pentsatu dugu ezin genuela irabazi eta hori izan da porrotaren arrazoi nagusia. Pena handia izan da, bai".
Jaitsiera fasean daude oñatiarrak eta badakite irabazi egin behar dutela mailari eutsi gura badiote. "Lau partidu gelditzen dira, eta laurak irabazi behar ditugu. Hori da helburua". Datorren asteburuan ere etxean jokatuko dute oñatiarrek, Urnietaren kontra.