Andoni Ugarte: "Aurten konfiantza berreskuratu nahi nuen"

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko mar. 3a, 11:00

Andoni Ugarte Mendizabal baloiarekin aurtengo neurketa batean. Argazkia: Andoni Ugarte

Bizkaiko Sestao River taldean ari da aurtengo denboraldian. gaur egun, bigarren Federazio Mailako liderrak dira eta igoera lortzeko lehian bete-betean sartuta daude

Andoni Ugarte Mendizabal Oñatiko futbolari gaztea beste proiektu batean murgildu da aurtengo denboraldian. Azken urtean Calahorra taldean aritu ondoren, aurten etxetik gertu ari da. Sestao Riverrek fitxatu zuen eta, momentuz, gauzak ezinhobeto doaz erdiko atzelari oñatiarrarentzat; hamaikakoan finkatuta eta Bigarren Federazio Mailako liderra da Bizkaiko taldea.

Aurten etxetik gertu ari zara; zer aurkitu duzu Sestaon?

Bai; azken urteetan kanpoan aritu ondoren, aurten etxetik gertu ari naiz. Talde familiar bat aurkitu dut; azken denboraldiko oinarria mantendu dute eta nahiko talde polita dago osatuta. Joan den denboraldian igoeratik oso gertu gelditu ziren eta aurten arantza hori kentzeko asmoarekin dago taldea.

Bigarren Federazio Mailan dago Sestao River, baina denboraldia hasi zenetik emaitza izugarriak lortu ditu.

Urte hasieratik taldeak argi zuen helburua zein zen eta orain arteko erregulartasunari esker hor goian mantendu gara une oro. Egia da partidu batzuk jarraian irabazi gabe izan garela, baina, orokorrean, taldeak oso maila handia erakutsi du denboraldi osoan zehar.

Liga txapelketa horiek oso lehiakorrak izaten dira; zein da gakoa?

Guk badakigu gure etxean zaleek asko estutzen dutela eta oso zaila dela bertan guri puntuak kentzea. Horrek bide ematen digu ondoren etxetik kanpo beste presio batekin jokatzeko, eta, gainera, zorionez, bidaiak ez dira oso urrutira izaten eta kanpoko partiduetan ere zaleak hor egoten dira. Asko eskertzen dugu hori.

Arlo pertsonalean ere denboraldi ona izaten ari da zuretzat.

Bai; joan den urtetik hona nuen helburuetako bat zen hamaikakoan garrantzitsua izatea eta minutuak batzea. Alde horretatik, oso pozik nago ematen ari naizen mailarekin. Era berean, egia da taldea ematen ari den mailak ere laguntzen duela horretan.

Ibilbide luzea duzu atzetik. Aurten koska bat jaitsi duzu: Lehenengo Federazio Mailatik Bigarrenera; zergatik?

Bai, egia da. Oraindik ikusteko dago maila berri horien exijentzia-maila zein den. Nire asmoa berriz konfiantza hartzea zen, datorren urtera begira, igoera lortuz gero ikusteko ea Lehen Federazio Mailan ondo lehiatzeko gai garen ikusteko.

Eta taldea Lehen Federazio Mailan lehiatzeko moduan ikusten duzu?

Talde nahiko osoa daukagu postu guztiei begiratuz gero. Egia da, ordea, jauzia dagoela batetik bestera, eta, oinarria mantentzen badugu ere, esperientzia duen jendearen beharra izango dugu.

Momentuz, urtebeteko kontratua duzu; jarraitzea gustatuko litzaizuke?

Bai; udan urtebeterako sinatu nuen, baina jarraitzeko ilusioarekin nago, urte polita ateratzen bada eta egunerokotasunean gustura baldin banago. Oraindik helburuak lortzeko pixka bat falta zaigu, eta ondoren izango da denbora guztia aztertzeko; nik neuk gustura jarraituko nuke.

Etorkizunera begira zeintzuk dira zure helburuak?

Futbolean jarraitzeko gogoa eta asmoa dut, izan Sestaon, izan beste toki batean.

Gaur egun futbolariek euren ibilbideak asko luzatzen dituzte; noiz arte ikusten duzu zeure burua futbolean?

Urte batzuk daramatzat jada jokatzen. Uste dut heldutasun-maila bat lortu dudala, eta orain hori aprobetxatu behar dut maila ona eman eta, posible bada, jauzi handiagoa emateko. Era berean, nire gorputza ondo ikusten dut eta gustatuko litzaidake urte gehiago jokatzenaritzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak