1983. urtean sortu zen Oñatiko Arrano elkartea. Proiektuak 40. urteurrena betetzen duela eta urte osoko egitaraua gertatu dute, eta aste bukaera honetan egin dituzte lehenengo ekintzak.
Atzo, Irunberriko gertaeren gaineko ikerketa lana aurkeztu zuen Ander Lizarraldek eta gaur urteroko Arrano Egunaren bueltako ekintzak egin dituzte. Hainbat lagun elkartu dira gaur goizean Santa Maiña plazan, eta elkarrekin egin dute Arranoaitz mendi tontorrerainoko bidea. Tontorrean omenaldia egin diete atzoko, gaurko eta biharko gudariei; besteak beste, aurreskua dantzatu dute. Hamarretakoa ere egin dute etxabolan, eta bueltan bazkaria Arrano elkartean.
Urte osoko egitaraua
40. urteurrena ez da oharkabean pasako. Kamisetak atera dituzte eta hainbat ekintza iragarri dituzte. Oraingoz iragarritakoak hauek dira:
-
Martxoak 25, Ekaintxou ikuskizuna Ekain pailazoaren eskutik. Ondoren, argazkia eta txokolate-jana Arranon.
-
Apirilak 15, irteera Peru-Harrira eta sagardotegia.
-
Maiatzak 13, mus txapelketa.
-
Ekainak 17, Etxabola musikala Arranoaitzeko txabolan.
-
Ekainak 24, bizikleta ibilaldia.
-
Uztailak 15, urteurren eguna.
-
Urriak 22, mendi irteera.
- Azaroak 18, ardi-jana.
Argazki bilketa
Arrano elkartetik jakinarazi du 40. urteurrena ospatzeko argazki bilketa egiten ari direla. "Arranoko argazkiak jasotzen ari gara: langileenak, bertako afari, hitzaldi edo festaren bat... Argazkiekin bilduma bat osatu nahi dugu". Inork halako argazkirik edukiz gero Arrano elkarteko kideekin harremanetan jartzeko eskatu dute.