Iñigo Erle: "Finalean baino gehiago, eguneroko lanean zentratu naiz"

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko ots. 24a, 12:00

Iñigo Erle, eskuinean, txapelarekin. Argazkia: Iñigo Erle

Iñigo Erle pilotariak, Malerrekako binakako txapelketa irabazi zuen pasa den astean, Oier Ariztegi bikote zuela

Donezteben jokatu zen binakako finalean 22-20 irabazi zieten Lakaberi eta Peñalverri. Udaz geroztik txapelik jantzi gabe zegoen Erle, eta, nola ez, gogotsu zen berriz garaipenaren zaporea dastatzeko.

Nola joan da txapelketa? Finalean izatea espero zenuen?

Final laurdenetan ekin genion txapelketari, eta, egia esan, neurketa guztiek antzekotasunak izan dituzte. Ondo hasi gara partiduetan, baina kosta egin zaigu horiek ixtea. Finalean izateko gogoz nengoen, baina ez diot buelta askorik eman, gehiago zentratu naiz eguneroko lanean.

22-20 emaitza estua da; nolako partidua izan zen?

Ez dut uste partidu ona izan zenik; zapore gazi-gozoarekin amaitu nuen. Hasieran, 11-3ko errenta lortu genuen, konstantzia mantenduz eta aurkarien akatsak baliatuz. Gero, geuk eman genien hauspoa gure akatsekin, eta, nahiz eta bigarren zatian estutu egin genuen, 20-18 jarri ziren aurretik. Azken txanpan, berriz ere, euren akats batzuk eta gure pare bat tanto medio, irabaztea lortu genuen.

Azken urteetan maila ona erakusten ari zara; zure une onenetakoan zaude?

Bai; azken bi urteetan gorakada txiki bat izan dut; baina pilota oso kirol gorabeheratsua da eta oso zaila da beti joko maila handia mantentzea eta beti goian izatea. Nik neuk uda sasoi ona izan nuen, hiru txapel lortu nituen eta; baina gero, udazkenean, maila baxuan izan nintzen. Horregatik, une onak eta txarrak dituzunean oso garrantzitsua da orekari eustea. Horretatik ikasi eta lanean jarraitzeko asmoa daukat.

Zeintzuk dira aurrerantzean dituzun helburuak?

Igandean bertan Espainiako Txapelketa jokatuko dut. San Kosme taldearekin ari naiz lehiatzen eta lehenengo jardunaldia irabazi egin genuen; etzi, Naiaran (Najera) dugu partidua. Domekakoaz gain, beste hiru edo lau jardunaldi geldituko zaizkigu. Bestalde, Mungiako txapelketan ere parte hartuko dut; asko gustatzen zait. Gainontzean, iristen diren aukerak eta txapelketak eskuak zabalik hartuko ditut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak