Lehiakorrak izan nahi dute bigarren itzulian

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko ots. 24a, 11:00

Aloña Mendiko Maddi Santa Cruz jokalaria jaurtiketa egiten. Argazkia: Imanol Soriano

Sailkapeneko azken postuetan eta mailari eusteko lehian da emakumezkoen eskubaloiko talde nagusia. bigarren itzulian murgilduta daude eta azken asteetako porrotei buelta emateko aukera dute bihar ameztoi zarautz taldearen aurka (18:00)

Urtea ezin hobeto hasi zuten etxean denboraldiko bigarren garaipena erdietsita eta horrek konfiantza eman zion Xabi Guridik zuzentzen duen taldeari.
Azken asteetan, ordea, partiduak
azken unera arte lehiatu arren ez dute garaipenik eskuratu eta behealdean jarraitzen dute, mailari eusteko lehian. Asteburuan beste aukera bat izango dute, eta ez nolanahiko aurkariaren kontra, bigarren sailkatua den Ameztoi Zarautz izango dute-eta bisitari Zubikoan.

Denboraldia ere ez da erraza izaten ari emaitza aldetik, bi garaipen eta berdinketa bat lortu eta gainontzeko partidak galdu egin dituzte-eta Aloña Mendikoek, baina prestatzaile oñatiarra baikor da datorrenari begira. "Nik neuk taldea ondo ikusten dut orain arte egindakoarekin eta, gutxinaka, konfiantza hartzen ari gara", dio Guridik.

Taldea mailara egokitzen dabil

Aurten aldaketa ugari izan ditu taldeak; izan ere, beterano askok utzi egin dute taldea eta gazte berri ugari sartu dira. Askorentzat lehenengo urtea izanik,
egokitzapena ere ez da erraza
izaten ari. "Talde gaztea dugu eta partiduetako erritmora moldatzea kosta egiten zaigu batzuetan. Gutxinaka, hobetzen ari gara, baina taldeari konfiantza falta zaio eta horri esperientzia falta ere batu behar zaio", dio Aloña Mendiko entrenatzaileak.

Taldeak duen potentzial osoa, ordea, ez dutela erakutsi azpimarratu du: "Dugun maila baino baxuagoa erakutsi dugu neurketa gehienetan. Behartu gabeko akatsak egiten ditugu eta maila honetan hori garesti ordaintzen da. Esperientzia falta dela esango nuke".

Mailari eutsi, lehiakorrak izaten

Beste urte batez, mailari eustea dute helburu txantxikuarrek; horretarako, baina, orain arte kantxan erakutsitakoa hobetu beharra dutela dio Guridik: "Hobetzeko asko dugu; batez ere, partiduak irakurtzen jakin behar dugu eta ditugun aukerak ondo aprobetxatu. Partiduetan kontzentrazioa ez mantentzeak akats asko egitera behartzen gaitu".

Batez ere, hori hobetzeko asmotan kantxaratuko dira liga amaiera bitartean gelditzen diren jardunaldietan; horrela, taldea finkatutako helburuak lortzeko gai dela uste du: "Bigarren itzulirako, partidu guztiak lehiatu eta ahalik eta puntu gehien ateratzen saiatuko gara. Uste dut lanean gogor jarraitzen badugu iritsiko direla emaitzak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak