Herri kirolen lehia eta erakustaldi paregabea Oñatin

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko ots. 12a, 16:03

Batetik, Urrezko Aizkoralarien Eusko Label Txapelketan, Ezpeleta eta Basozabalek eskuratu dute finalerako txartela eta bestetik, Urrezko Harri-Josatzaile Txapelketan, Xabat Olaizola izan da finalera sailkatu dena, Beñat Telleriaren lesioaren ondorioz. 

Herri kirol erakustaldi ederra izan da gaur Oñatiko Foruen Enparantzan, Egur Sport Herri Kirolakek antolatuta. Aizkoran, hiru bikote aritu dira lehian, finalera txartelarengatik borrokan: Ezpeleta-Basozabal; Saralegi-Soroa eta Sugarri-Gabirondo. Proba gehienetan, lehia estua egon da lehen bi bikoteen artean, baina Ezpeleta eta Basozabal nagusitu dira azkenerako. "Lan guztiak txukun egin ditugu, denborarik galdu gabe eta elkar lagunduta. Hemen alferrik da batek lan ona egitea besteak gaizki egin ezkero, eta biok erregular aritzea lortu dugu", adierazi du Basazabalek.

Gaur plazan aritu diren kirolari guztiak.

Harri-jasotzeari dagokienez, harri-jasotzaile azkarrenaren modalitatean izan da lehia gaurkoan. Beñat Telleria hernaniarra oso maila onean aritu da harri laukizuzenarekin eta zilindrikoarekin, baina azken mina nabaritzen hasi da eta, "badaezpada, min gehiago ez hartzeko", kubikoa ez altxatzea erabaki du. "Lehen bi harriak altxatuta, lehenengo nindoan eta pena handia hartu dut. Minekin hasi naiz eta kubikoan probatzea erabaki dut. Hala ere, minarekin jarraitzen nuen eta asko behartu baino, nahiago izan dut lehia utzi".

Ondorioz, Xabat Olaizola sailkatu da finalera, eta pozik azaldu da, Telleriarengatik pena sentitu badu ere. "Gustura nago egindako lanarekin eta sari handia da finalerako txartela. Hala ere, pena handia izan da Beñat erretiratzea; ea azkar sendatzen den". 

Bi txapelketetako final handia otsailaren 26an jokatuko dute Azpeitiko Urrestilla auzoan. Olaizolak dio oso txapelketa polita izan dela eta finala ere halakoa izango dela. "Oso modalitate azkarra da eta guztiok maila antzekoan aritzen gara. Ateak irekita daude guztiontzat eta, beraz, finala oso polita izango da".

Aizkoran, berriz, itxaropentsu joango dira finalera Ezpeleta eta Basozabal. "Beti izaten da zerbait irabazteko itxaropena. Lan luzeetan oso ondo koordinatzen gara eta uste dut maila ona emateko moduan izango garela finalean".

Emakumezkoen erakustaldia ere gozagai

Txapelketako lehiatik kanpo, erakustaldiaz gozatzeko aukera ere izan dute Oñatiko plazara joandako herri kirolzaleek. Aizkoran, Malen Barrenetxea gipuzkoarra eta Oihana Fernandez de Barrena arabarra aritu dira eta harria jasotzen, berriz, Izeta eskolako Lur Errekondo eta Lierni Osa gipuzkoarrak. Azken horrek nabarmendu du erakustaldian "presio gutxiagorekin" aritzen direla eta, beraz, gozateko aukera gehiago izaten dutela. Gainera, poza hartu du plaza beteta ikustean. "Eguraldi onarekin jende gehiago animatzen da plazara eta ederra da hori".

Barrenetxea, 14 urte besterik ez dituen arren, esperientzia hartzen ari da plazetan. "Lan txukuna egitera etorri naiz eta hala egin dudala uste dut, beraz, oso pozik nago. Hasieran urduritasunak izan ditut, baina gero egonkortu naiz eta gustora nago horrekin".

Fernandez de Barrenak aitortu du uste baino maila hobea eman duela Oñatin eta Barrenetxearekin aritzeaz gustura azaldu da. "Gainera, geroz eta emakume gehiago ikusten ditugu plazetan eta hori beti da pozgarria".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak