Jose Antonio Mur ziklista ohi eta entrenatzailea hil da

Xabier Urtzelai 2023ko ots. 8a, 09:16
Jose Antonio Mur, 1969an, Arantzazuko helmugan besoak altxatzen.

80ko hamarkadako KAS ziklismo talde ezaguneko entrenatzaile ohi Jose Antonio Mur hil da 78 urterekin. Arabarra jaiotzez, gaztetan Oñatin bizi izan zen eta ondoren ere harreman estua izan du Oñatiko txirrindularitza taldearekin. Izan ere, bertako zenbait ziklistaren entrenatzaile ere izan da. Gainera, Mur izan da Arantzazuko Igoera irabazi duen etxeko azken lasterkaria, 1969an.   

1969an Arantzazuko Igoera irabazi zuen Jose Antonio Mur KAS taldeko ziklista izatera iritsi zen. Gaztetan Oñatin bizi izan zen, eta ofizialki etxeko lasterketa irabazi duen azken oñatiarra izan da. Txirrindulari moduan erretiroa hartu zuenean ere bizikleta gainean jarraitu zuen, eta bereziki lokatzetan ibiltzen zen gustura. Hala, 60 urterekin Bartzelonan Espainiako txapelketa irabazi zuen Master 60 kategorian.

Bizikleta utzi zuenean Mur entrenatzaile moduan ibili zen KASen. Eta Oñatiko zenbait ziklistaren entrenatzaile ere izan zen; hala, oraindik ere amateur mailako Arabarrak taldeko zuzendari moduan hainbat lasterketa egin zituen iaz. 

Jose Antonio Mur, ezkerrean, 2019ko Arantzazuko Igoerako sari banaketa ekitaldian. Enekoitz Azparren izan zen egun hartan onena.

Arantazuko Igoerako azken irabazle oñatiarra

Aloña Mendiko Txirrindularitza saileko lagunek sare sozialetan adierazi duten moduan, etxeko txirrindularitzat izan dute arabarra: "Jose Antonio Mur Oñatin jaioa ez izan arren, gurean bizi izan zen gaztaroan. Goian bego". Bada, 1935eko otsailaren 24an egin zen Arantzazuko lehen igoera eta Vicente Truebak irabazi zuen. Lehen igoera hura oso arrakastatsua izan zen eta Arantzazurako bide bazterretan zale asko elkartu ziren. Bigarren igoera 1936an izan zen, eta, kasu hartan, Claudio Leturiaga oñatiarra izan zen onena. Urte hartan, gainera, Espainiako gerra hasi zen, eta, horren eraginez, hurrengo urte batzuetan ez zen igoerarik antolatu. Jose Antonio Mur izan zen 1969an lasterketa irabazi zuen beste oñatiarra. Ordutik Arantzazuko Igoerako txapela ez da inoiz herrian geratu, nahiz eta egon diren helburua eskura izan duten txirrindulariak, Julen Umerez eta Xabier Murgiondo podiumera igo ziren. Hala, Oñatiko txirrindularitzaren historia jasotzeko helburuarekin Aloña Mendiko ziklismo sailak 50. urteurrenean egin zuen liburuan ere Mur izan zen elkarrizketatuetako bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak