Auzotarren babesa izan du Jesus Mari Ugartek, Goribarko eta Kasablankako argazki liburuaren aurkezpenean

Miren Arregi Amasorrain 2023ko ots. 4a, 14:42

Bi urteko lanaren ostean, argia ikusi du 'Goribar Kasablanka XX. mendeko bizitza argazkitan', liburuak. Auzotarrek emandako oraingo eta garai bateko argazkiak batu ditu Ugartek bertan.

Atzo, egubakoitza, aurkeztu zuten Goribar Kasablanka XX mendeko bizitza argazkitan liburua, Oñatiko kultur etxean. XX. mende hasieratik bukaerara arteko argazkiz osatutakoa da. Baserriak, familiak, lagun kuadrillak, lantegiak, San Isidro Jaiak... Argazkien bitartez, auzotarren bizitza kontatzen du liburuak. 

Hain zuzen, auzotarren laguntza izan du Ugartek, haiek emandako argazkiz osatua baita liburua. Atzoko aurkezpenean ere, haien babesa sentitu zuen, asko eta asko batu baitziren kultur etxera.

Goribar Kasablanka auzoa, Oñatin industria gehien hartu duen auzoetako bat izango da seguru asko. Hala, asko eraldatu da paisaia XX. mende hasieratik gaur arte. Bereziki, 1960ko eta 1970eko hamarkadan hazi zen ingurua, lantegietara lanera etorritako jende askok eta askok erosi baitzuten etxea bertan. Bada, bilakaera hori guztia jasotzen du liburuak. Auzoan ezagun izan diren pertsonek ere badute euren lekua, baita bestelako bitxikeria batzuek ere.

Jesus Mari Ugartek, Oñatiko kultur zinegotzi Iñaki Olalde izan zuen lagun aurkezpenean. Batak bestearen lana eskertu zuen. Olaldek, Goribar Kasablanka auzoko bilakaeraren testigu den liburua osatzeko egindako lanagatik eman zizkion eskerrak Jesus Mari Ugarteri eta hark, liburuaren argitalpenerako udalak egindako diru ekarpena eskertu zuen. Udalaren laguntza ez ezik, auzotarrek ere lagundu dute liburuaren argitalpena. Salgai egongo da 20 eurotan, Txokolaterixan eta Turismo Bulegoan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak