Hasi dituzte Martzelino Zelaia kaleko irisgarritasun lanak

Oihana Elorza Gorostiza 2023ko ots. 1a, 09:24
Oñatiko Martzelino Zelaia kalea.

Kota berdinean egongo dira gero errepidea eta oinezkoendako espaloia. Obrak egingo dituen enpresako langileak ibili dira inguruak markatzen. Gaur hasiko dira lanek eragindako trafiko afekzioak.

Martzelino Zelaia kalean irisgarritasun lanak egingo dituzte. Plataforma bakarra eratuko dute eta maila berean egongo dira ibilgailuak pasatzeko errepidea eta oinezkoen bidea. Aparkalekuak kenduko dira eta zamalak egiteko guneak markatuko dira eta kale argiteria egokituko. Lanak aprobetxatuta, Oñargik argindar instalazioak eraberritzeko obra zibila egingo du eta Gipuzkoako Urak, ur hornidura sarea eta ur zikinen saneamendua berritzeko lanak. Hiru proiektuak deialdi berean jaso ziren eta horrela esleitu dituzte. Morga enpresak egingo ditu lanak, 378.056 eurotan, eta uztaila amaierarako bukatze espero dute.

Lanek eragindako trafiko afekzioak gaur, eguaztena, hasiko dira. Lanak egiten doazen heinean, bizilagunen garajeen parean afekzioak direnean, aurrez abixatuko zaie. Bitartean, garajeetara sartzeko bidea definituko da, lanek uzten duten momentu guztietan.

Asfaltatze-lanekin jarraituko dute

Bestalde, Oñatiko herriguneko bide-sarea konpontzeko eta hobetzeko lanak egiteko lizitatutako proiektuak ari dira gauzatzen eta azken egun hauetan asfaltatze lanak egiten ibili dira herriko kale batean edo bestean. Datozen egunetan lan horiekin jarraituko dute. Eta horiekin batera, herriko landa-guneko auzo-bideetako hainbat hobekuntza egitea ere aurreikusita dute.

San Lorentzoko aldapa.

Asfaltatze-lanen barruan, San Lorentzo auzoko aldapa bietan egin dituzte, esaterako. Kaletik San Lorentzorako noranzkoan lehen semaforoan ezkerretara hartutako aldapa asfaltatu zuten lehenengo, errepide nagusitik Errekaldera doan tunel parerainoko tartea, hain zuzen ere, eta Larraña auzotik beherakoa gero. Araotzeko urbanizazio eta asfaltatze-lanak eta Lezesarriko bidegorrikoak ere bukatu dituzte. Datozen egunetan egingo dituztenen artean daude, bestalde: Aita Madina kaleko zati bat, kiroldegi aurreko biribilgunea eta Bidebarrietarako errepide zatia; Moiua kalearen hasiera eta musika eskolaren inguruak ere asfaltatu berri dituzte.

Araotzen ere egind dituzte asfaltatze-lanak.

Berezao auzorantz Arantzazuko Ama kalean ere egingo dituzte lanak eta, horiei jarraipena emanaz, Natra eta Azkoagain tartea eta Berezao auzorako sarbidea ere itxuratu- ko dute. Espaloia konpondu eta bidea asfaltatzea da asmoa. Hain zuzen ere, auzo horretarako sarbide horren segurtasuna bermatzeko lanak egingo dira gune horretan. 2023ko udal aurrekon- tuetan onartutako puntuetako bat izan da; lan horiek egiteko aurreproiekturako dirua jasota dago.

Aparkaleku gehiago Errekalden

Errekalden, berriz, aparkaleku berriak egiten hasiko dira datozen egunetan. Hamar izango dira, guztira, eta 29, 31 eta 33. atarien atzealdean egingo dituzte. Aparkaleku horiek han instalatutako sistema adimendu bati lotuta egongo dira. Modu horretara, aparkatzeko tokirik dagoen edo ez jakingo du herritarrak eraikinaren kanpoaldean jarriko duten semaforo bati esker. Ugarte Eraikuntzak enpresak egingo ditu lanak eta aurrekontua 85.000 eurokoa da. Herri barruan zein landa-guneetan egindako eta egiteko dituzten asfaltatze eta konpontze-lanen aurrekontu osoa 524.000 eurokoa da.

Errekalden egingo dituzten aparkalekuen planoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak