Igoera lortzeko lehian egon nahi dute

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko urt. 20a, 12:29

Aloña Mendiko jokalariak gol bat ospatzen. Argazkia: Miguel Perez

Maila berrira ondo moldatu da areto futboleko talde nagusia; laugarrena da sailkapenean, lehen itzulia amaituta, nahiz eta azken hilabetean ez duen partidurik irabazi. asteburuan ekingo dio bigarren itzuliari, Gaintxu taldearen aurka

Joan den denboraldian, areto futboleko Gipuzkoako lehen mailara igotzea lortu zuen Coinbroker Aloña Mendik. Denboraldi berrirako bi fitxaketa egin dituzte; entrenatzailearen hitzetan, "fitxaketa garrantzitsuak" izan direnak. Denboraldiaren erdialdera iritsi dira eta sailkapenari dagokionez, behintzat, lan bikaina egiten ari dira Iñaki Iglesiasek zuzendutakoak: laugarrenak dira, 24 punturekin; asteburuan ekingo diote bigarren itzuliari. Helburuak, ordea, argi dituzte txantxikuek urtea hasi zenetik: "Hasieratik ideia mailaz
igotzea edo gora begira egotea
izan da, eta, lehenengo itzuliaikusita, helburua lortu dezakegula uste dut".

Azken hilabetean, berriz, bidea zertxobait okertu da, ez baitute partidurik irabazi. "Azken hilabetea ez da erraza izaten ari, aurkari zuzenen aurka jokatu dugulako, igoerako lehian egongo direnak", dio Iglesiasek.

Ikasketa prozesuan murgilduta

Maila berrira egokitzea ez da lan makala izaten eta horretan dihardu Aloña Mendik. Entrenatzaileak dioenez, taldeak lau urte daramatza lehiatzen eta jokalari batzuk futboletik iritsiak dira. Hori dela eta, oraindik futboleko kontzeptu horiek dituzte batzuek buruan, eta, horregatik, "ikaste prozesuan" daudela aitortzen du. "Maila handiko txapelketan sartu gara eta kontzeptu berriak ikasten ari gara oraindik. Neu saiatzen naiz horiek jokalariei erakusten". Aurkari batzuek duten areto futbol maila ere azpimarratu nahi izan du eta "poliki-poliki" maila hori lortzeko lanean jarraituko dutela.

Hobetzeko tarte handia

Laugarrenak izanda, sailkapenean gauzak ezin hobeto doazela dirudi, baina autokritika ere egiten du prestatzaile oñatiarrak: "Neurketetan kosta egiten zaigu entrenamenduetan egindakoa islatzea; azken finean, entrenamenduan jende ezagunarekin zaude eta partiduetan, ordea, dena aldatzen da".

Sailkapenari dagokionez, egindako lanaren ostean gaur egun "toki pribilegiatuan" daudela aitortu du: "Jokoak ez du islatzen sailkapeneko postua, baina horrek esan nahi du jokoan hobetzen dugunean sailkapenari begira abantaila askoz handiagoa izango dela".

Hala eta guztiz ere, ez dio meriturik kentzen orain arte egindakoari eta baikor begiratzen diote hastear dagoen bigarren itzuliari. "Play-off postuak lortzeko moduko taldea dugula uste dut, baita igoera lortzeko lehian egoteko ere", adierazi du Iñaki Iglesiasek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak