Ordubetez argindar barik geratu da Oñatiko herrigunea

Jokin Bereziartua Lizarazu 2023ko urt. 17a, 19:27

Oñatiko Kalezaharra, argindar barik.

Arratsaldeko zazpietatik zortzietara argindar barik egon da Oñatiko herrigunea. Kaleko argiterian eta etxebizitza partikularretan joan da argindarra. Udaltzaingoaren arabera 19:00ak aldera "bat-batean" joan da eta joan den moduan etorri da 20:00etan auzo gehienetan: "Ez dakigu zein izan den itzalaldiaren arrazoia; teknikariek aztertu beharko dute zerk eragin duen argindarra joatea herrigune osoan".

Udaltzaingoaren arabera, argindarra joan denean izan da kalean erorikoren bat edo beste –herritar batek orkatila apurtu du– eta, horrez gain, igogailuetan harrapatuta ere geratu da beste herritarren bat. "Ordubetean kaos handia izan dugu herrian; gertaerari jarraipena egingo diogu datozen orduetan".

Hainbat auzotan, hala nola, San Martin, Ugarkalde edota Olabarrieta, denbora luzeagoan egon dira argi barik, baina 21:00etan "arazoa konpondu" dela jakinarazi du Izaro Elorza Oñatiko alkateak, Twitter bidez. Alkateak azaldu duenez, hiru lineatako batean gertatu da matxura, eta horrek, sare guztiak bota ditu. Arazoa konpontzeko transformazio zentroak banaka konektatu dituzte, matxura duena isolatzeko. Hala, bi orduren buruan herri guztira itzuli da argia.

Sietevientoseko bidegurutzea, argindar barik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak