Ikusmin handia sortu du Ibon Martinen azken nobelak: El ladron de rosotros. Oñatin kokatu du istorioa: Araotzen, Arantzazun... Oteizaren apostoluak, Sandaili... bada, horrek guztiak herritarrak erakarri zituen atzoko aurkezpena. Santa Anan izan zen aurkezpena, Plaza Janes argitaletxeko editorea den Virginia Fernandez ondoan zuela.
Ikusmina
200 lagun baino gehiago batu ziren aretoan. Sarreran, gainera, Haritza eta Altuna liburu dendetako arduradunak zeuden liburuak saltzen. Irene Anduaga: "Martitzenean irten zen nobela, eta egun horretan jende asko izan genuen dendan. Gainera, badaezpada, jendeak aurrez enkargatuta zuen liburua. Asko irakurtzen den idazlea da Ibon Martin, baina istorioa Oñatin kokatu izanak eragin handia izan du saltzerako orduan".
Oñatiko pertsonak, nobelan
Martinek berak esan zuen Oñatiko kale eta txoko asko ezagutuko dituela irakurleak, eta baita pertsonaiak ere. Bada, horietako bat da Aitor Perosterena: "Liburua irakurtzen hasi nintzen, eta nire sorpresarako, hor agertzen nintzen. Ez nuen ideiarik ere ez. Ibon aspalditik ezagutzen dut, eta idazten hasi zenetik jarraitzen dudan idazlea da".
Aurkezpenaren ondoren liburuak sinatu zituen Martinek. Ordu eta erdi inguruko ilara itxaron behar izan zuten azkenek. Irakurleak gustura joan ziren etxera liburuarekin, eta idazlea eta editorea "oso pozik" geratu ziren Oñatik egin zien harrerarekin.