Lehen itzulia hobetzeko helburuarekin lehiatzera

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko urt. 13a, 14:00

Argazkia: Aloña Mendi Saskibaloia

Denboraldiaren erdira iritsira, zazpigarrena da sailkapenean saskibaloiko senior taldea. zapatuan (18:00) zubikoan urteko bigarren garaipena jarraian eskuratu nahi dute aloñakoek, Inter de Mitente sailkapenean hirugarren dagoen taldearen aurka

Hogeita bost puntuko aldearekin hartu zuen mendean Saski Axular Aloña Mendiko saskibaloi talde nagusiak joan den zapatuan jokatu zen neurketan; urteari hasiera ona emateko modu borobila. Era berean, lehen itzulia amaitu dute Aloñakoek: zazpigarren postuan daude, jokatu diren hamabi jardunalditan sei garaipen eta sei porrot izan ostean. Denboraldi hasieran GOIENArekin egon zenean, sailkapenaren goialdean izateko intentzioarekin zeudela adierazi zuen Aitor Ugartek. Egoera, ordea, bestelakoa da, nahiz eta hasiera zaila izan zuten.

Gorabeherak gaindituta taldea momentu onean ikusten du prestatzaile oñatiarrak: "Urte hasiera zaila izan genuen, aurkari zailak, lanegunetan jokatu beharreko partiduak eta lesioak batu ziren. Behin arazo horiek guztiak alde batera utzita talde momentu onean dagoela uste dut, eta espero dut, lesioak errespetatuz gero, taldeak berezkoa duen maila erakustea kantxan". Horretarako aukera zapatuan bertan izango dute, arratsaldeko seietan hasita, Inter de Mitente hirugarren sailkatuaren aurka.

Orain artekoaren balorazioa

Sailkapenaren erdialdean kokatuta amaitu dute Ugarteren jokalariek, lehen hamabi partiduak jokatu ostean goialdea zein behealdea hiru puntura dutela. Aloña Mendiko entrenatzaileak, berriz, ez dio sailkapenari begiratu nahi: "Zazpigarren goaz, bai, baina, egia esan, ez diot sailkapenari apenas begiratzen, txapelketa oso lehiakorra eta luzea baita".
Bestalde, aitortu du punturen
bat edo beste gehiago poltsikoan izatea gustatuko litzaiokeela. "Egia da garaipen gehiago izatea gustatuko litzaidakeela, neurketa batzuek alde txikiarengatik egin digutelako ihes", azpimarratu du Aitor Ugartek.

Badira hobetu beharrekoak

Sei garaipen eta sei porrot; hori da orain arte erdietsitakoa. Taldean argi dute lehen itzulian lortutakoaren ostean bigarrenean hobetzeko nahia dutela, eta horretara kantxaratuko dira zapatu honetatik hasita. Zenbaki horiek hobetu eta liga amaieran goian egoteko aukerak izateko, ordea, badira hobetu beharrekoak, eta horiek zeintzuk diren argi ditu Aitor Ugartek: "Hobetzekoen artean, adibidez, partidetan izaten dugun kontzentrazio maila. Horren erruz aurkariei erraztasun handiak ematen dizkiegu askotan, eta puntuak oparitu; beraz, arreta handiagoa jarri behar dugula uste dut akats horiek gutxitzeko".

Bigarren itzuliko helburuak

Zapatuan hasiko da Gipuzkoako Seniorren lehen mailako bigarren itzulia eta Aloña Mendi sasoi betean iritsiko da. Azken hiru neurketak irabazi dituzte, arazo fisikoak ere ahaztu dituzte eta goranzko joeran sartuta dago senior mailako taldea. Aurrean, ordea, ez dute aurkari erraza izango, sailkapeneko hirugarrena den Inter de Mitente taldea izango da-eta bisitari Zubikoan. Lehen itzulian galdu egin zuten Donostian jokatutako norgehiagokan, baina orain gauzak aldatu egin dira eta baikor da Aitor Ugarte: "Bigarren itzulia hastera doa eta laugarren postua partida bakarrera daukagu. Gainera, iruditzen zait denboraldia amaitu bitartean taldeak hobetzeko tartea duela oraindik".

Hamabi partidu ditu Aloña Mendik aurrerapausoa emateko eta urte hasieran zuten helburua lortzeko. Horri buruz galdetuta, igoerari buruz, hain zuzen, zapatuari bakarrik begiratzen dio. "Partiduz partidu joango gara eta txapelketak berak esango digu lauko finalerako prest gauden edo ez", dio Ugartek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak