Aurten ere 300dik gora lasterkarik hartu dute parte Oñatiko San Silvestre herri lasterketan; 352 korrikalari guztira. Oñatiarrak ez ezik ezik, Aretxabaletako, Bergarako, Arrasateko eta Elorrioko parte-hartzaileak izan dira, besteak beste.
16:30ean hasi da nagusien lasterketa, iragarrita zegoen moduan; zazpi kilometro herri barruan, plazan hasita eta bukatuta –itzuli bat ibilbide motzari eta bi luzeari–. Ordurako sekulako giroa zegoen herriko plazan. 16:00etan hasi dira gaztetxoen lasterketak –mailaka, buelta kopuru ezberdina eman diote plazari– eta horiek korrika egiten zuten bitartean nagusiek izena eman dute euren mailakoan parte hartzeko. Hamalau urtetik gorakoek hartu dute parte lasterketa horretan, eta baziren aurten adin hori bete dutenak ere korrikalarien artean.
David Rua elorrioarra joan da lehenengo ia lasterketa osoan eta bera izan da lehena helmugan sartzen. Yeray Varela eta Xabier Luis oñatiarrak sartu dira ondoren, eta etxeko beste bi horien atzetik: Eric Martin eta Xabi Lete. Emakumezkoetan, Ainara Urrutia atxabaltarra izan da azkarrena eta Malen Osa eta Miren Josune Bikuña oñatiarrak hurrengo biak, hurrenez hurren. Osak lehenengo egin du goizean Bergaran egindako San Silvestre trailean eta bigarren Oñatin –anaiarekin hasi eta bukatu du lasterketa–.
1992tik
18:00ak inguruan egin dituzte sari banaketak eta lehen sailkatuendako ez ezik, parte-hartzaileendako oroigarriak eta opariak ere banatu dituzte Antxintxiketan kirol elkarteak antolatuta herri lasterketa honetan.
1992an antolatu zuten lehendabiziko aldiz formatu honetan lasterketa hau. Aurretik, 70. hamarada amaieran distantzia luzeagoko beste proba batzuk ere egin zituzten. Azken bi urtetan ez da egin, pandemiagatik, eta aurtengoak betiko jai giroa sortu du plaza inguruan.
Nagusien lasterketako sailkapena bere blogean argitaratu du Asier Osinagak. Hemen ikusgai.