Beharrezko hiru puntu etxean geratu dira emozioz betetako partiduan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2022ko abe. 18a, 19:29

Martxel Aiastui baloiarekin, Azkoagainen.

0-2 galtzen joan ostean, bigarren zatian egindako aldaketek indarra eman diote Aloña Mendiri: hala, 3-2 irabazi dute Añorgaren aurkako lehia. Ohi baino zale gutxiago joan da gaur Azkoagainera.

Emozioz betetako azken minutuak bizi izan dira gaur Azkoagainen. Añorgaren aurkako lehia maldan gora jarri zaioa etxeko taldeari; baina, egoerari buelta eman eta 3-2 irabazteko gauza izan dira oñatiarrak –91. minutuan egin du garaipenaren gola Martxel Aiastuik–.

Sailkapenean bigarren postuan dagoen Añorga izan dute gaur aurrez aurre oñatiarrek. Lehenengo zatian baloiaren jabetza etxeko jokalariek izan dute; hainbat gol aukera izan dituzte baina Añorgako atezainak oso ondo zaindu du atea.

Aldaketa erabakigarria

Bigarren zatia, aldiz, bestelakoa izan da. Añorga indartsuago atera da eta gainera markagailua aldeko jarri zaio 52. minutuan. Manterolak egin du 0-1ekoa; handik zortzi minututara 0-2koa egin du Rodrigok. Bazirudien etxekoek gol zakukada jasoko zutela gaur. Baina, 76. minutuan egindako aldaketak goitik behera aldatu du partidua: Gari Galdos eta Andoni Altube irten dira zelaia, eta ezkerreko hegaletik egindako jokaldiek indarra eman diote Aloña Mendiri.

75. minutuan Martxel Aiastuik 1-2koa egin du; berdinketa Iñaki Alonsok lortu du 85. minutuan. Puntu bakarra nahikoa zela zirudien arren, goian estutu egin dute Aloña Mendiko jokalariek eta Martxel Aiastuik egin du hirugarrena.

Dinamika txarrarekin amaitu

"Oso garrantzitsuak diren hiru puntu lortu ditugu. Batez ere aldaketetan egon da gakoa; fresko sartu dira eta azkeneko 15 minututan egon da gakoa. Guk bagenekien partidu gogorra izango zela, goian dagoen taldea da Añorga; ikusi dugu azkeneko partiduetan egindako jokoak ez digula emaitzarik eman, hortaz atzetik jokatzea erabaki dugu, arriskatzea... eta modu horretan lortu dugu garaipena. Zale gutxiago egon arren Azkoagainen, amaieran zaleen babesa igarri da eta oso garaipen garrantzitsua lortu dugu, dinamika txarrarekin amaitzeko balio izan diguna", azaldu du partidu amaieran Joseba Anduagak.

Bi astetako atsedenaldia izango dute orain ligan; urtea Zarautzen hasiko du Aloña Mendik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak