Azkoagain itxiko dute, zale talde gazte batek epaileari irainak egiteagatik

Xabier Urtzelai 2022ko abe. 15a, 10:19

Azkoagain futbol zelaia.

Aloña Mendiko ohorezko gazte mailako taldeak zigortuta hasiko du 2023a. Urtarrilaren 8an etxean jokatu beharreko partidua etxetik kanpora jokatu beharko dute, joan den asteburuan Ilintxaren kontra jokatutako partiduan zale talde gazte bat epailea iraintzen ibili eta gero. "Nekatu gara dagoeneko, jarrera horiek ez ditugu nahi Azkoagainen", adierazi dio GOIENAri Javi Azpiazu presidenteak. 

Ez da lehenengo aldia talde horren bueltan batzen diren zaleen jarrera txarragatik Aloña Mendi zigortzen dutela. Partidu bateko itxiera dator, lehenago ere, klubak pare bat abisu jaso dituelako: "Lehenengoan abisua baino ez zen izan, bigarrenean 200 eurotako isuna jarri ziguten, eta orain partidu bateko zigorra izan da, urtarrilaren 8ko jardunaldian bete beharko duguna, eta beste 300 euro ordaindu beharko ditugu. Eta kontua da gertaera honen aurrean gu ere babes gabe gaudela, baina neurriak hartuko ditugu, seguru. Leporaino gaude dagoeneko, jarrera horiekin futbol zelaira datozenak gera daitezela etxean, ez diotelako inongo mesederik egiten ez klubari, eta ezta ustez animatzera datozen taldeari ere. Orain ikusi egin beharko dugu urtarrilaren 8ko partidu hori non jokatzen dugun, ea antzuolarrekin berba egin eta euren futbol zelaian joka dezakegun".

Javi Azpiazu, Aloña Mendiko presidentea: "Ez da jasotzen dugun lehen zigorra, aurrekoan 200 euro izan ziren, orain beste 300 euro eta futbol zelaia itxita. Gogaitu gara"

Azpiazuk berak azaldu du futbol zelaian zegoela gertaerak izan zirenean: "Delegatua etorri zitzaidan abixatzera zale talde bat epailea iraintzen zebilela, sekulakoak esaten, eta bertaratu ginenenean guk ere ezin izan genuen askorik egin. Epaileak aktan jaso zuen gertatutakoa, eta espero nuen zigor hau, bai". Ez da lehenengo aldia Azkoagainen hau gertatzen dena, eta ezta Debagoieneko futbol zelai bakarra ere. Iazko denboraldian ere halako gertaerengatik arduratuta egon ziren Oñatiko klub barruan, baina orduan ez zen halako zigorrik egon, eta bistan da arazoa ez zela konpondu.

Euskadiko futbol federazioaren prentsa oharra

Oñatiko gertaera beste futbol zelai askotan gertatzen dabilenaren isla da. Asteburuan bertan gertaera larria izan da Trintxerperen zelaian, kategoria txikietako jokalari baten guraso batek marrazaina erasotu du eta halako gertaerak, larriagoak edo arinagoak, baina behin eta berriro errepikatzen dabiltza futbol zelaietan. Hala, Gipuzkoako futbol federazioko presidente Manu Diazek GOIENAri baieztatu berri dio, iaz, esaterako, Gipuzkoan hiru futbol zelai itxi behar izan zituztela.

Eta horren aurrean, Euskadiko futbol federazioak honako prentsa ohar hau helarazi du: "Gure futbol zelaietan ugaritzen ari diren istilu larrien harira, Euskadiko futbol federazioek erabat gaitzesten eta zigortzen dituzte horrelako gertaerak, eta, gure kirolean gizalegearen aurkako edozein jokabideren aurrean tolerantziarik ez izateko politika berresten dute. Ezin da lausotu Euskadiko futbol klubek, entrenatzaileek eta epaileek egiten duten gizarte- eta prestakuntza-lan guztia gutxiengo baten jokabideekin, hauek ez baitute ulertzen zelaiak elkargune izan behar duela helburu komun batekin: elkartasunak, inklusioak, berdintasunak eta futbolariekiko, entrenatzaileekiko eta epaileekiko errespetuak balio absolutuak izan behar duten kirolaz gozatzea. Gure babesa helarazi nahi diegu gertaera triste horien eragina jasan duten pertsona guztiei, eta atsedenik gabe lan egiteko konpromisoari eusten diogu, gure kirolean indarkeriazko adierazpen oro, ahozkoa zein fisikoa, desagerrarazteko. Lan pedagogikoak izan behar du helburu horren ardatza, baina, era berean, horrelako jarrerak unean-unean ezarriko den araudiaren arabera zigortzea eskatuko dugu. Azkenik, partida ikustera joatean jokalariak, entrenatzaileak eta epaileak errespetatuko ez dituztenei etxean geratzeko eta kirol instalazioetara ez agertzeko eskatzen diegu. Ez ditugu behar eta ez ditugu nahi gure futbol zelaietan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak