'Nerabeak zirikatu familiak inplikatzeko' jardunaldia egingo dute bihar gazte eta gurasoendako

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko abe. 14a, 08:13

Bi gazte mobilarekin (Argazkia: Pexels).

POZ zerbitzuak antolatuta, gazte, guraso eta hezitzaileei zuzendutako saio teoriko-praktikoa egingo dute bihar, 17.00etatik 19.00etara Santa Ana antzokian. Gazteei entzuten jarraitzeko eta estres-egoerak hobeto eramaten lagunduko dieten tresnak emateko daukagun proposamena azalduko dute.

Konfinamenduaren ondoren Oñatiko gazteen egoera zein zen jakiteko lanketa egin zuen POZ Oñatik, hiru ikastetxeen laguntzerekin. Arlo fisikoan, mentalean eta emozionalean nola zeuden jakiteko argibide asko eman zizkieten gazteek eta euren beharrak zeintzuk ziren azaldu. Orain, biharko jardunaldi honetan, esperientzia hori nolakoa izan zen azalduko dute, ekimenean parte hartu duten guztiei eskerrak emanez.

Gazteekin batera egindako prozesu horretan, gazteek landu nahi zituzten hiru lerro atera ziren; ariketa fisikoa eta mugimendua, elikadura emozionala eta gazteen elikadura beharrak. Bada biharko saioan, estres egoerak hobeto kudeatzen lagunduko dieten tresnak emango dituzte eta horretarako, hain zuzen ere hiru gai horien inguruan berba egingo duten adituak egongo dira: Oñatiko osasun sare komunitarioaz eta POZ zerbitzuaz berba egingo du, esaterako, Oñatiko Udal Kirol teknikari Rosa Lasagabasterrek; Oñatiko nerabeen ongizatea sustatzen izango da hiru hizlari hauek gaia: Amaia Diaz de Monasterioguren Osinaga –dietista-nutrizionista–, Pello Uriarte Moreno –jarduera fisikoaren zerbitzuko orientatzailea udalean– eta ikastetxeetako gazteak: Martin Uriarte, Markel Herranz eta Ander Igartua. Hirugarren gaia izango da haur eta gazteen obesitatea prebenitzeko esku-hartze arrakastatsuen diseinua, eta horri buruz berba egingo du Jone Galdos Madinak –psikologoa–.

Gazte, guraso eta hezitzaileendako

Jardunaldia nerabe, guraso zein hezitzaileendako da, abenduaren 15ean, eguena, 17:00etatik 19:00etara, Santa Anan. Amaieran, Maria Cruickshank aktoreak monologo bat egingo du antzokian bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak