Gradu eta master amaierako lanak sarituko ditu Mondragonek bihar Arantzazulaben

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2022ko abe. 13a, 10:11

260 lan aurkeztu dituzte, eta asmoetako bat da eraldaketa jasangarriaren bidean diharduten "gazteriaren talentua" saritzea. Hiru kategoria daude sarietan, eta bina sari banatuko dira bakoitzean.

Mondragon Korporazioak gradu eta master amaierako lanak saritzeko lehen edizioa antolatu du, eta bihar egingo dute ekitaldia, Arantzazulaben. Izan ere, nabarmendu dute Mondragonek "eraldaketa berritzailea, jasangarria eta pertsonetan oinarritutakoa sustatzea" duela helburu, eta horretarako "ezinbestekoa" dela "gazteriaren talentua". Horregatik, uste dute eraldaketa jasangarria proposatzen duten ikasleen lanak saritu beharra dagoela.

Guztira, 29 unibertsitatetatik jasotako 260 lan aurkeztu dituzte. Tartean dira, Euskal Herriko Unibertsitateko, Mondragon Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko ikasleak, baina baita nazioartekoak ere: Espainiako 24 unibertsitate, eta Suitzako eta Italiako bana.

Sarien banaketa

Sari banaketari dagokionez, hiru kategoria izango dira: eraldaketa digitalean, adimen artifizialean, automatizazioan eta robotikan, 99 lan aurkeztu dituzte; pertsonetan oinarritutako eraldaketan, berriz, 91. Hain justu, talentua, aniztasuna eta robotika dira horren parte diren hiru arloak; eta azkenik, eraldaketa energetiko-klimatikoan, 70 lan daude sarietarako. Kategoria bakoitzean bi sari banatuko dituzte. Irabazleak, 2.500 euro jasoko ditu, eta finalistaren saria irabazten duenak, berriz, 1.250 euro.

Ekitaldia 11:00etan hasiko da, eta online jarraitzeko aukera ere egongo da https://vimeo.com/event/2705358 helbidean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak