Haurren saria ere egongo da aurten Gabonetako erakusleiho lehiaketan

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko abe. 12a, 17:02

Gabonetako apaingarriak erakusleihoetako baten.

Guztira 25 komertziok hartu dute parte aurtengo Gabonetako erakusleiho lehiaketan Oñatin. Zazpi sari emango dituzte guztira, tartean Haurren saria.

Aurten erakusleihoak abenduaren 12rako apainduta egon beharko dira eta berrikuntzen artean haurren saria gehitu da; 5 eta 12 urte bitarteko Oñatiko haurrei zuzenduta eta haurren artean herriko merkataritzaren aldeko sentsibilizazioa egiteko eta saltokiak hobeto ezagutzeko helburuarekin.

Guztira sei sari emango dituzte: lehen hirurak (500 euro, 300 euro eta 200 euro) epaimahaiak erabakiko ditu, laugarrena herritarren saria (500 euro) izango da eta bosgarrena, haurrena (300 euro). Seigarrena, sariaren bozketan parte hartzen dutenen artean zozkatuko dute; 100 euroko bonu bat. Haurren kategoriako parte-hartzaileen artean beste 100 euroko bonua zozkatuko dute.

22:00ak arte argiak piztuta

Erakusleihoak abenduaren 12tik 31 arte egon beharko dira apainduta, gutxienez, eta denda edo zerbitzuaren ohiko produktuak bistan izan beharko ditu. Epaimahaiak konposizioa, argiztapena, koloreak eta originaltasuna izango ditu kontuan. Argiztapenari dagokionez, 22:00etatik aurrera ez da derrigorrezkoa izango.

Herritarren saria bozketa bidez aukeratuko dute Oñatiko herritarrek. Bozka gehien jasotzen duen erakusleihoa izango da sari honen irabazlea. Herritarren sariaren aukeraketa internet bidez egingo da. Abenduko Kontzejupetik aldizkarian, udalaren web orrian eta parte hartuko duten erakusleihoetan jarriko dira bozkatu ahal izateko QR kodeak. Herritar bakoitzeko bozka bakarra onartuko da eta bozketan parte hartzeko epea abenduak 20ko 14:00arte egongo da zabalik.

Haurren sariaren irabazlea bozketa bidez aukeratuko dute 5 eta 12 urte bitarteko Oñatiko haurrek; bozka gehien jasotzen duenak irabaziko du sari hori. Txaloka ludotekan eta Gaztelekuko Sotoan eta Kuboan egongo dira botoa emateko hautestontziak. Haur bakoitzeko bozka bakarra onartuko da eta bozketan parte hartzeko epea aurreko berdina da.

Sari banaketa ekitaldia abenduaren 23an egingo dute, 17:30etik aurrera. Sariak sarituak izango diren saltokietan bertan emango dituzte.

25 komertziok hartu dute parte

Hauek dira parte hartu duten komertzioak: Amalur Belar-denda,  Andrea Azkoaga Interiorista, Ane Mertzeria, Aramburu Margoak - Drogeria, Aranburu Bitxitegia, Arkauz Optika-Audiologia, Artez Ile-apaindegia,  Barue Interiorismoa, d´Or Estetika, ennea 16, Iramira, Jesus Odriozola Harategia, Kimu-Urtxin Lora-denda, Lenceria Kuttun, Luar, Maibi Dekorazioa eta Ehungintza, Marku,  Mendizabal Kirol-denda, Oregozo, Oreka, Reforma e Interiorismo, Sesiñena Ile-apaindegia, Sillero Kale Barria, Sillero Kale Zaharra, Txantxiku Elektrizitatea eta Txokolateixia

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak