Erretiratuen antzerki topaketak egingo dituzte bi egunez Santa Anan

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko abe. 11a, 10:17

Oñatiko Ikusi Makusi antzerki taldea.

Oñatiko, Eibarko, Donostiako eta Zumarragako erretiratuen elkarteko antzerki taldeak etorri dira eta antzezlanak egingo dituzte Santa Anan. Alzheimer-ari buruzko hitzaldia, klaratarren komentua ikusteko irteera, txistorra jana eta Pake Leku Saria 2022 ekitaldia ere antolatu ditu Pake Leku elkarteak abendurako.

Martitzenean eta eguaztenean, hilaren 13an eta 14an, egingo erretiratuen antzerki topaketak egingo dituzte Oñatin, Pake Leku elkarteak antolatuta. Lau herritako talde banak hartuko dute parte, hain zuzen ere, Oñatikoak, Eibarkoak, Donostiakoak eta Zumarragakoak, eta bakoitzak bere antzezlanak taularatuko ditu Santa Ana antzokian.

  • Abenduaren 13an, martitzena: 16:30ean, Oñatiko Ikusi Makusi taldea. "De vecinos como estos, líbranos señor" 17:45ean, Eibarko La Novena taldea. Bi antzezlan egingo dituzte: "La consulta del Dr. Melquíades" (20’) eta "Ganas de reñir" (20’) 
  • Abenduaren 14an, eguaztena: 16:30ean, Donostiako Bixi Bixi taldea. "Tocata y fuga en la residencia" (60') 17:45ean, Zumarragako Gure Txoko taldea. Hiru antzezlan egingo dituzte: "Ensayo de aficionados" (10'), "Atención al cliente" (10') eta "Ozú qué caló" (10')

Irteera eta hitzaldia ere bai

Horrez gain, baina, bestelako ekitaldi batzuk ere antolatu ditu Pake Lekuk abendurako. Astelehenean, abenduak 12, esaterako, Alzheimer-ari buruzko hitzaldia egingo dute elkartean 18:30ean. Koldo Aulestia eta Iñaki Olalde (Alzheimerraren Gipuzkoako elkarteko presidentea eta idazkaria) izango dira hizlariak.

Oñati ezagutzen egitasmoaren barruan, hilabete honetako irteera klaratarren etxea, Santa Ana komentua, ikustera egingo dute. Han bizi den Idoia Moiua ahizpak emango dizkie eraikinari eta euren ordenari buruzko azalpenak. Azken irteera Zumeltzegi dorrera egin zuten eta Jerardo Elortzak eman zizkien orduan hango historiako azalpenak.

Santo Tomas egunean txistorra jana eta musika izango dituzte, hilaren 22an bingo berezia.

Pake Leku Saria 2022

Eta abenduaren azken astean, hilaren 29an, egingo dute Pake Leku Saria 2022 ekitaldia. Herrigintzan, gai sozialetan eta boluntariotzan nabarmendu den jubilatua saritzea da helburua. Herritarrak izango dira saria eskuratzeko hautagaiak proposatuko dituztenak, Pake Lekuko tabernan dauden inprimakiak beteta. Saria jasotzeko hautagaiaren izena ez ezik, herrigintzan eta gai sozialetan egin dituen merituak azalpen txiki bat jartzea ere eskatzen da inprimaki horretan. Hautagaiak aurkezteko epea abenduaren 22an amaituko da, 27an, Pake lekuko juntako epaimahaiak hautagai egokiena aukeratzeko batzarra egingo du eta 29an izango da saria emateko ekitaldia. Lehen aldiz emango da sari hau.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak