Ainara Uribarri: "Ibilbide labankorrak, baina politak izan dira Ibizakoak"

Xabier Urtzelai 2022ko abe. 7a, 12:28
Ainara Urrutia Ibizako podiumean. Argazkia: 3 dias trail de Ibiza.

Ainara Uribarrik Ibizako 3 egunetako lasterketa irabazi du asteburuan: "Antolatzaileen gonbidapena jaso genuen eta Ibiza ezagutzen ez nuenez pentsatu nuen aukera polita zela hara joateko". Bada, hamar kilometroko hiru lasterketatik bi irabazita, Uribarrik emakumezkoen kategorian ez zuen kontrariorik izan, eta maila absolutuan hirugarren izan zen.

"Lasterketa polita da Ibizako hiru egunetakoa. Egubakoitzean 10 kilometrotako lasterketa egin genuen gauez eta ondorengo bi egunetan norberak aukeratzen zuen ze distantziatako lasterketa egin, maratoi erdia, maratoia... Noski, sailkapenak ere ezberdinak ziren. Bada, ni denboraldia prestatzen hasi berri nagoenez hiru egunetan 10 kilometrotako lasterketa egitea erabaki nuen eta gustura ibili nintzen", adierazi dio GOIENAri Brooks etxeko korrikalariak. 

Gaueko lasterketa –egubakoitzekoa– irabazi egin zuen, eta beste bi lasterketatik ere batean irabazi egin zuen, eta bestean bigarren sailkatu zen: "Bai, nesketan bigarren sailkatuari guztira ordubeteko tartea atera nion, pozik geratu nintzen". Eta maila absolutuan ere –gizonezkoekin batera– sailkapen ororrean hirugarren izan zen: "Sentsazio onak hartzen joateko baliatu dut lasterketa, eta paraje berriak ezagutzeko. Ibizan egon gabe nengoen eta han ibilbideak ezberdinak dira. Zirkuituak ez ziren oso menditsuak, gehiago ziren kostaldetik korrika egitekoak, eta tarte batzuk labainkorrak ere baziren. Baina, gozatu egin dut, polita izan da".

2023an, Euskal Herritik kanpora jarri du fokua

Oñatiko mendi lasterkaria dagoeneko hasi da urte berrira begira, eta Espainiako Golden Trail Series lasterketak ditu begiz jota: "Etxeko lasterketak ez ditut egingo, orain momentuan kanpora joateko aukera daukat, eta aprobetxatu nahi dut leku berriak ezagutzeko. Gero ere egongo da aukera inguruan ibiltzeko". Hala, oñatiarrak baieztatu du datorren urtean ere Brooks etxearen babesletza izango duela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak