Zinema aretoan botako dute bihar 'Mari'

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko abe. 7a, 09:09

Gaztetxe mugimenduak Oñatin aurten 40 urte eta Antixenak abenduan hamar urte beteko ditu eta urteurren biei begira egindako fikziozko filma da Ixilik nahi gaituztenean, Mari. Gaur, eguaztena, Antixenan proiektatuko dute proiektuan parte hartu dutenen artean ikusteko. Bihar, zinema aretoan, herritar guztiendako.

Oñatiko gaztetxe mugimenduak 40 urte bete ditu aurten eta hamar beteko ditu abenduan Antixenak, eta urteurren biak bateratu eta orain arteko ibilbide horri aitortza egin gura dion fikziozko filma estreinatuko dute abenduaren 8an herriko zinema aretoan. Antixenan sortutako eta hainbat herritarrek, zein debagoiendarrek, parte hartu duten proiektua da, izan zuzendaritzan, antzezpenetan zein lan teknikoetan.

2032an kokatzen da

Ixilik nahi gaituztenean, Mari du izena filmak eta drama distopiko bat da. 2032an kokatzen da. Udalak bidalitako gutuna jasotzen dute gaztetxean, utzi egin behar dutela esanez, eta gatazkak hasten zaizkio pilatzen bertako kide den Mariri (Paula Polo): gatazkak udalarekin izateaz gain, asanbladako beste kide batzuekin zein senideekin ere sortuko zaizkio. Horixe da filmaren abiapuntua. 

Duela urtebete hasi ziren gidoia idazten eta proiektuari forma ematen eta uztailean egin zituzten grabazio gehienak. Gaztetxean, Antixena parkean, Boga Tabernan, Olaitturrin, eta Ibarrondo liburu-dendan grabatu zituzten eszenak, besteak beste. 

Herritar multzoa proiektuan

Filmak 45 minutu ditu eta lau lagunen artean zuzendu dute: Anjel Lera, Jone Markuleta, Xanti Ugarte eta Mikel Garai. Euren artean banatu dituzte gidoia idazteko lana, produkzioa edo lan teknikoaren ardura. Aktore lanetan ibili diren herritarren artean daude, esaterako: Paula Polo (Oñati), Amaia Castañeda (Oñati), Mariasun Pagoaga (Arrasate), Egoitz Aizpuru (Oñati), Mikel Sagarzazu (Oñati), Danel Teran (Oñati), Izar Mendiola (Oñati), Jone Markuleta (Oñati) eta Ibai Elorza (Oñati).

Teknikarien artean, berriz: Sofia Morales argiztapenean, Oier Yaniz bigarren kamera, Mikel Letamendi soinua eta Eñaut Zubizarreta AKA Tigger musika. 
Bestalde, kredituetan irudi eta argazki historikoekin egindako muntaia Eñaut Uri esalgok egin du. Gontzal Belategi da kartelaren egilea eta Xabi Rezabal argazkiena.

Proiekzioak

Asteburu honetan Oñatin eskainiko dute filma. Durangoko azokan egubakoitzean erakutsiko dute eta asmoa dute urtarriletik aurrera Euskal Herri osoko hainbat gaztetxetan ere eskaintzeko.

  • Abenduak 7: aurre estreinaldia proiektuan modu batera edo bestera parte hartu duten herritar multzoarendako eta ostean luncha. Antixena gaztetxean
  • Abenduak 8: zinema aretoan, 19:00etan
  • Abenduak 9: Durangoko azokan, Irudienea gunean, 18:30ean
  • Abenduak 9k: Santa Ana antzokian, 22:00etan
  • Abenduak 10 eta 11: Santa Ana antzokian, 19:00etan
Erlazionatuak

'Ixilik nahi gaituztenean, Mari' filma, estreinatzeko gertu

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022 aza 24 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak