Oñatiko dendarien elkarteko kideek Juanitosan ipiniko dituzte produktuak, Atzeko Kalera ematen duen erakusleihoetan. Abenduaren 12tik 23ra artean entregatu beharko dira apustuak, Txandako dendatan ipinitako ontzietan. "Lehen hiru sarietakoren bat eskuratzeko bi kopuru berdin badaude, saria ez litzateke banatuko, bikoiztu egingo litzateke. Hau da, 500, 300 eta 200 euroko sari bat baino gehiago egon daitezke. Horren araberakoa izango da 100 euroko erosketa txarteletan banatuko dugun kopurua", esan dute Txandako kideek aurkezpenean.
Sari banaketa ekitaldia abenduaren 30ean egingo dute Foruen Plazan, 15:00etatik aurrera.
#eztuiñorjaten
Bestalde, Gabonetako kanpainaren aurkezpen ekitaldia aprobetxatu gura izan dute herritarrei mezu bat bidaltzeko: "Askotan konturatzen gara herritarrak erakusleihora begira daudela, baina, lotsagatik ez direla denda barrura sartzen. Denda barrura sartzea 'konpromiso' moduan hartzen dute. Eta, gaur esaten dizuegu, ez edukitzeko beldurrik. Sartu, galdetu eta gustuko baduzu erosi, eta bestela, lasai joan, eta hurrengo batean itzuli".
Internet bidezko erosketen aurrean, herrian bertan erostearen garrantzia aldarrikatu dute. "Badakigu askotan samurrena telefono aurrean jarri eta eskaerak online egitea dela. Horren aurrean, hemen gaude, beste behin, gure aurpegiak erakusten eta gure herriko dendak aldarrikatzen. Oñati herri bizi bat izan dadin herritarrak animatu gura ditugu. Herriari bizitasuna emateko behar-beharrezkoak zarete".