Gipuzkoako Garraio Agintaritzak bilera egingo du abenduaren 16an, eta datorren urtera begirako neurriak erabakiko dituzte. Hala ere, Oñatiko Udalak aurreratu duenez, alde bakoitzaren posizioak eta proposamenak aztertu eta negoziatu dira asteon, eta azken erabakia batzar horretan hartuko den arren, litekeena da Oñatiko, Hernaniko, Oiartzungo eta Errenteriako alkateei dagozkien bozken bitartez, Mugi sisteman hobariak aplikatzen jarraitzea. Jakinarazi baitute "herritarren mesederako" direla, eta hori babesten segituko dutela.
Izan ere, azken egunotan hainbat izan dira erabaki horrekin talka egin dutenak; Eneko Goia Donostiako alkatea, adibidez. Haren ustez, "arduragabekeria" da deskontuekin aurrera egingo dutela iragartzea, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere hala ziurtatu baitu. Alabaina, Goiak nabarmendu du oraindik ez dagoela argi Espainiako Gobernuak gastu horren %30i aurre egingo ote dion ala ez, eta berdin gertatzen dela Eusko Jaurlaritzaren egungo %10eko deskontuarekin.
Dena den, Izaro Elorza Oñatiko alkateak argi du euren ustez zer den defendatu beharrekoa: "Bide eta hobari horien aurkako edozein neurri edo ekimen hartzea, herritarren eguneroko beharrei bizkar ematea litzateke. Hori horrela, hobarien aplikazioa berma dadin, bat eginda goaz lau herritako ordezkariak".
Erabilera sustatzearen alde
Haien arabera, urte osoan %50eko hobaria aplikatzearen aldeko posizioa erakutsi dute Oñatiko udalak zein gainontzeko hiruek, eta norabide horretan egin beharreko politiketan sakontzea izan dute hizpide. "Krisi larri baten erdian gaude, eta garraio publikoa da hainbat herritarrek darabilten eguneroko garraiobidea. Bizi dugu krisi ekonomiko eta ekologikoaren testuinguruan, garraio publikoaren erabilera sustatzen jarraitu beharra dugu".