Merezitako garaipena lortuta, sailkapeneko goiko postuetan da Aloña Mendi

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko aza. 20a, 20:07

Azken bi partiduak galtzetik zetozen oñatiarrak eta hiru puntuak beharrezkoak zituzten konfiantza berreskuratzeko. Lagun Onak taldea izan dute aurkari eta lehenengo zatia lehiatua izan bada ere, bigarrenean gehiago izan da Aloña Mendi eta, azkenerako, 3-0 gailendu da Garikoitz Nuñezek zuzentzen duen taldea, sailkapeneko bosgarren postuan kokatuz.

Markagailuak erakusten duena baino partidu estuagoa izan da Aloña Mendik eta Lagun Onakek Azkoagainen jokatu dutena. Edozelan ere, oro har, gehiago izan dira oñatiarrak eta merezitako garaipena lortu dute.

Azkoagain moduko zelai txikietan ohikoa den moduan, jokaldi gutxi eta aldaratze asko izan ditu partiduak. Lehenengo zatia oso lehiatua izan da eta bazirudien golik gabe iritsiko zirela atsedenaldira. Hala ere, azken minutuetan, defentsaren nahastea baliatu eta atezainaren aurrean bakarrik geratu da Auritz Larrea. Ez du hutsik egin, eta aurretik jarri du etxeko taldea (1-0).

Bigarren zatiko lehen minutuak lehen zatiaren antzekoak izan dira. Azpeitiarrek nahiko ondo eutsi diote defentsari, baina erasoan ez diote minik egin Jon Irazabal atezain oñatiarrari. Oso aukera gutxi izan ditu, oro har, kanpoko taldeak eta, minutuek aurrera egin ahala, etxekoak geroz eta gehiago nagusitzen hasi dira. Hala, bigarren zatiaren erdi inguruan, Martxel Aiastuik bigarren gola egin du. Auritz Larreak ezkerreko hegaletik egindako erdiraketa gaiztotu egin da eta atezainak gelditzea lortu badu ere, aldaratzea ondo baliatu du Aiastuik. Hortik gutxira ailegatu da oñatiarren hirugarrena, Tiago Santanak egindako bakarkako jokaldi baten ostean. 

Azken minutuetan, Garikoitz Nuñezek zuzentzen duen taldeak ondo eutsi dio abantailari eta azpeitiarrak ez dira gai izan golik sartzeko. Azkenean, 3-0 bukatu da partidua eta Aloña Mendi bosgarren kokatu da sailkapenean. Hala ere, esan behar da sailkapena oso estu dagoela erdiko postuetan, bederatzi talde baitaude bi punturen bueltan.

Lau porrot eta garaipen bat

Liga berean, Gizonezkoen Erregional Ohorezko Mailan, garaipen garrantzitsua lortu du Bergarak etxetik kanpo, Mutrikuri 2-3 irabazita. Bestalde, UDAk 2-1 galdu du Lesakan, Beti Gazteren aurka, eta Mondrak irabazi ezinik jarraitzen du. Arrasatearrek 2-0 galdu dute Urolaren aurka eta sailkapeneko azken postuan jarraitzen dute, lau punturekin.

Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailan, berriz, Leintz Arizmendik zartakoa hartu du etxean, Intxaurdiren aurka 0-5 galduta. Edozelan ere, sailkapeneko erdiko postuetan sendo daude. Bestalde, Bergarak 2-1 galdu du Hernaniren aurka eta sailkapeneko azkena da, puntu bakarrarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak