OLRaren 13. edizioan antonimoak izan da gaia eta objektua, aldiz, zotza. Goizeko 08:00etan jakin dute gaia eta objektua parte hartzaileek; hala, 11 ordu izan dituzte lanak entregatzeko. Gutxienez minutu batekoa eta gehienez hiru minutuko film laburra aurkeztu behar izan dute taldeek.
18 taldek parte hartu dute aurtengo lehiaketan –izena emanda zuen talde bat ez da aurkeztu–; eta, horietatik batek ez du garaiz entregatu lana, eta horregatik sariketatik kanpo geratu da.
Epaimahaiaren erabakia
13. edizioko epaimahaia osatu dute Jon Olivares aktore osintxuarrak; Itxaso Pol zinema zuzendari oñatiarrak; Miren Manias euskal zineman doktoreak; eta, Aitor Abaroa zinema adituak. Euren erabakia izan da: "Irudi politak eta poetikoak sortu dituzte, argazki oso polita, zotza erabiltzeko modua ere oso esanguratsua izan da eta horregatik aurtengo OLR 2022ko irabazlea Baltzardi taldea da". Bigarren saria Dwingi Dwingi taldeak jaso du Katu McKosmikoa lanagatik; eta, hirugarrena LPM-k Zipalillo lanarekin.
Antolatzaileek emandako objektuaren erabileraren saria Dwingi Dwingi taldeak jaso du: "Originaltasunagatik, eta istorioaren ardatza izan delako objektua". Gainera talde berak jaso du publikoaren saria ere. "Emanaldian geundela ikustea jendea barrezkoa da gehien betetzen duena", azaldu du Jon Ander Kortabarriak.
Aktore onenaren Tiago Gonzalves saria
Aktore onenaren saria Lolo and Navajas taldeak irabazi zuen. "Baloratu dugu oso elkarrizketa naturala izan dela, oso organikoa eta ematen zuen bat-batekoa zela... zalantzak izan ditugu baina horri eman diogu garrantzia. Sari ezohikoa izan da". Izan ere, aktoreak eurak ez dira filmean ia agertzen; plano finko baten gainean euren arteko elkarrizketa da entzuten dena.
Ondoko loturan ikus daiteke Santa Ana antzokian egindako emanaldi osoa.