Hilaren 18tik abenduaren 2ra bitartean egingo da Euskaraldia, eta, ohi den moduan, protagonista izango dira ahobizi eta belarriprest rolak.
Dena den, aurten, berezitasun bat erantsi diote Oñatikoari, Maddi Txintxurreta dinamizatzaileak adierazi duenez. "Euskaraldiaz gain, Hikaldia egingo dugu. Txaparen gainean h bat edukiko du parte hartzaileak, parte hartzen dabilela adierazteko, eta pertsona hori prest egongo da hikaz hitz egiteko".
Besteak beste, Belen Zumalde da horietako bat, eta hitza hartu du aurkezpenean ere. Azaldu duenez, Hikalaguna duela urtebete inguru sortu zen egitasmo bat da, batez ere emakumeen hitanoa bultzatzeko, eta andreei zuzenduta. "Gizonezkoek asko erabiltzen dute, baina emakumeei berba egitean, ondo, ez; beraz, noka bultzatu nahi dugu, eta hor erein". Hala, Hikaldia sortzearekin bat, konpromisoa hartu du hikaz aritzeko.
Txapak banatuko dituzte
Euskaraldia hasi aurreko asteetan, Txintxurretak jakinarazi du txapak banatzen egongo direla, Itziar optikaren pareko lokalean, eta, beraz, bertara hurbildu daitekeela jasotzera. Are gehiago, erantsi du oraindik izena emateko aukera ere badagoela, eta jendea animatu nahiko luketela. "Lehenengo aldiz egin zenean, arrakasta handia izan zuen, eta orain ere espero dugu horrela izatea; gehiago baldin bagara, hobeto".