Maiatzean jarri zen martxan 2023-2024ko Partaidetza Aurrekontuen prozesua, eta azken fasean sartu da jada. Maiatzaren 6tik 27ra, 230 proposamen jaso ziren, eta ezarritako baldintzak betetzen zituzten 76 proiektuk egin zuten aurrera. Maiatzaren 30etik ekainaren 17ra, berriz, proiektuak lehenesteko ariketa egin zen. Gainera, herritarrentzat bi saio ireki egin ziren, ekainaren 7an eta 9an. Proposamenak baloratuta, 54 izan ziren balorazio tekniko fasera pasa zirenak, eta hortik hogeita bat izan dira azken fasera heldu direnak. Orain, herritarren txanda iritsi da. Boto gehien jasotzen dituzten proiektuak, 500.000 euroak gastatu arte, 2023ko eta 2024ko udal aurrekontuetan gehituko dira.
Denetariko proiektuak
Azken fasean sartu diren proiektuak denetarikoak dira eta hiru multzotan daude sailkatuta: proiektu handiak, 100.000 eurotik gorako kostua dutenak; ertainak, 25.000 eta 100.000 euro artean balio dutenak; eta txikiak, 25.000 euro baino gutxiagoko kostua dutenak. Aipatzekoen artean, bi dira garestienak: jolas parkeetan elementuak jartzea 8 eta 14 urte bitarteko haur eta nerabeentzat eta pilotaleku txiki bat jartzea San Martingo futbol kantxan.
Nola eman botoa?
Gaur ireki da botoa emateko aukera eta hilaren 20 amaituko da epea, eta herritarrek hiru bide izango dituzte bozkatzeko; betiere, 16 urtetik gorakoek eman ahalko dute botoa eta datu pertsonalak bete beharko dira, botoa baliozkoa izan dadin. Bestalde, sei proiektu aukeratu beharko dira, gehiago edo gutxiago aukeratuz gero, kasu honetan ere, botoak ez du baliorik izango. Lehenik, online bidezko botoa emateko aukera egongo da Udalaren webgunean; bertan daude proiektu guztien nondik norakoak. Eraikin publikoak –udaletxea, kultur etxea, kiroldegia– dira bigarren aukera, bertan jarriko dituzten kutxetan botoa emanez. Azkenik, azaroaren 8an, 11n, 16an eta 18an kalean jarriko duten erakusketa ibiltarietan ere bozkatu ahalko da gustukoena duten proiektuaren alde.