Txani Rodriguez idazlea izango da gaur Oñatiko Kultur Etxean

Iñigo Barrena Kortabarria 2022ko urr. 25a, 10:04

Liburutegiaren Egunaren baitan, Oñatiko Udal Liburutegiak egitarau oparoa kaleratu du. Azpimarratzekoen artean da gaur (18:30),  Txani Rodriguez, 2021eko Euskadi Literatura Saria, gaztelaniazko Tertulixan taldearen saioan izango dela eta Monica Leivak egingo ditu dinamizatzaile lanak. Saio irekia izango da, zinema aretoan, gerturatu nahi duenarentzat.

Bertan, haren azken nobelaren –Los últimos románticos– inguruan hitz egiteko aukera izango da, idazlea bera bertan dagoela, eta aukera zinez interesgarria edonorentzat. Gainera, Rodriguezen azken lanak izan duen arrakastak beste urrats batzuk egingo ditu datozen hilabeteetan. Alde batetik, jakina da Irusoin ekoiztetxeak pantaila handira eramango duela eleberria, eta, bestalde, Italian eta Turkian ere eskuragarri izango dute Txani Rodriguezen testua. Saio berezia izanik, zinema aretoan egingo da.

"Heldu da Kontua 2022"

Beste hitzordu garrantzitsuetako bat Heldu da kontua 2022 izango da. Helduentzako ipuin kontalarien euskarazko zirkuitua Oñatin estreinatuko da bihar, eguaztenean . Maider Alzelai eta Mireia Delgaldo izan dira Intujai antzerki konpainiak antolatu duen Heldu da kontua kontalaritza sorkuntzako saridunak. Ikuskizun bana aurkeztu zuten: Emeen kemen Alzelaik eta Harriak, jostorratzak eta zauriak Delgadok; hain zuzen, azken hau izango da asteazkenean udal liburutegian ikusi eta entzun ahal izango dena.

Oñatikoaz gain, zirkuituak beste sei saio izango ditu urtarrilaren hamahirura bitartean. Besteak beste, azaroaren hamazazpian, arrasaten Maider Alzelairen Emeen Kemen lanarekin gozatzeko aukera izango da. Honako hauek dira hurrengo datak: Azaroaren hemezortzian Barrundian, hurrengo egunean Berrobin, azaroaren hogeita zazpian Iruraitz-Gaunan, 2023ko urtarrilaren hiruan Tolosan eta, azkena, urtarril bereko hamahiruan Zizurkilen. Euskaraz, helduentzako ipuin zirkuitu bat izatearen beharretik sortutako proiektua da Heldu da Kontua, eta, urtero, bi ipuin kontalariri zirkuitu honetan parte hartzeko aukera ematea da asmoa.

Urrirako agenda zabala

Liburutegiaren egunetik kanpo, agenda zabala eskaintzen ari dira liburutegitik. Pasa den astelehenean, hilaren hamazazpian ekin zioten, idazketa lantegiarekin, eta Joxe Mari Iturralde izan zen dinamizatzailea. Asteartean, berriz, Tertulixan euskarazko taldeak ekin zion ikasturte berriari, Nirliit liburua irakurriz, eta Miriam Lukik dinamizatu zuen lehen saioa.

Bestalde, urriaren 27an, osteguna, itzuliko dira umeentzako Ostegun Kontalariak, eta lehen saioan Lur Korta ipuin kontaaria izango da, han batzen direnen belarriak goxatzen. Saioan parte hartzeko, iaz bezala, gonbidapena eskatu beharko da, eta, hura lortzeko, aurreko asteko astelehenaz geroztik zabalik da izena emateko epea. Umearen izena eta telefono zenbaki bat eman beharko dira eta izena ematen dutenen artean zozketa egingo da gonbidapenak banatzeko. Joan ezin duenak liburutegian abisatu beharko du, erreserbako beste pertsona bati gonbidapena eman ahal izateko. Ez da izango, ordea, etxeko txikienek liburutegia ezagutzeko izango duten aukera bakarra, eskolekin adostuta herriko 4 urteko ume guztiak udal liburutegia ezagutzeko bisitak egingo baitituzte, zer aurkitu dezaketen ikusteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak