Gipuzkoako 26 ikastetxetako 700 lagun inguru, neska-mutil eta guraso barne, animatu dira Oñatin ospatu den Eskolarteko Finalistaren Egunera. Gipuzkoako Mendizale Elkarteak sustatzen duen hitzordua da, eta hasiera ematen dio ikasturte osoan zehar 6 urtetik gorako ikasleendako prestatzen duten mendiko programari.
Aurten 34 edizio beteko ditu mendi lehiaketak. Lurraldeko tontorretara irteerak antolatzea da helburua, neska-mutilek naturaz modu osasuntsuan goza dezaten. Finalistaren Egunean ere halako ibilbide bat egiten dute oinez. Ostean, diploma banatzen diete aurreko ikasturteko irteera denetan parte hartu zuten haurrei.
Guztientzako opariak
09:00etan batu dira Foruen Plazan, eta pare bat ordu inguruko osteratxoa egin dute, 8 kilometroko distantziakoa, Garagaltza, Zuazola, Lamiategi eta Iruatz zeharkatuta. Herriko plazara itzulitakoan opariak zain zeuzkaten partaideek. Ez bakarrik iazko irteera guztietan parte hartu zutenek: "Oñatira etorri diren neska-mutilen artean kamiseta mordoa banatu ditugu, eta partaideek jatekoa eta edatekoa izan dute helmugan; hanburgesa, sagardoa eta txokolatea, besteak beste", adierazi du Mikel Oterok, Aloña Mendi elkarteko kideak.
Jai-egun bat izan dela azpimarratu du, zapore goxoa utzi diela antolatzaileei, jendeak zoriondu egin dituelako. Hasieran urduritasun pixka bat izan dute euriagatik, baina ibilbide osoa arazo gabe burutu ahal izan dute.