Azken urteotako joera positiboa aintzat hartuta, ligako hirugarren jardunaldira arte punturik batu ez izana ez da balantze positiboa. Edo bai, orain arte egindakoak ahaztu, Fagor Indutrial egiteko dagoen taldea dela onartu, gazteak izanda ere maila oneko jokalariak dituztela aitortu eta aurrera begira jartzen badira. Eta horretan dihardute Jon Ander Osinagaren mutilek, orain bai, entrenatzaile eta guzti.
Zapatuko partiduan Escolapios hasi da hobeto, eta markagailuan aurreratu badira ere oñatiarrek azkar eten dute joera hori. Mikel Kortabarria erasoan, eta Beñat Badinabeitia defentsa lanean, Eric Ugarte eta Manex Lazkanoiturburu erraztasunez hasi dira bilbotarren defentsa lerroa hausten. Eta hor bi goleko errenta hartu dute txantxikuarrek. Orduan 5:1ekoaren aldeko apustua egin du Escolapiosek eta hor arazoak izan dituzte txantxikuek. Atsedenaldira gol bateko errentarekin joan dira kanpotarrak (16-17) baina handik bueltan eta joko sistema berberaz ezinean ibili dira Osinagaren mutilak –lau goleko errentarekin Escolapios–.
Hutsartea eskatu dute orduan etxekoek, eta hori bai, erabaki ona izan da. Izan ere, jarraian Fagor Industrialek 10-2ko partziala lortu du hor: defentsan ondo, Ugarte atepean gelditu onak egiten... Oñatikoen minutu onenetakoak izan dira horiek (28-24). Bolada on horrek amaiera izan du, baina. Huts pare bat egin dituzte oñatiarrek, gainera, Madinabeitiak min hartu du eta Escolapios 4:2ko-ra pasa da. Horrek min egin die oñatiarrei, denbora egin dute gola egin ezinka eta Escolapiosek 28-29koa egin du.
Orduan, 30 segundoren faltan etxekoek partidua berdindu dute (29-29); azken jokaldian kanpotarrena zen baloiaren jabetza eta azken eraso jokaldia egin ahal izan dute. Zorionez, Fagor Industrialekoek jokaldia defendatzen asmatu dute.