Ertzaintzak adierazi duenez, horma bertikal bateko harkaitzartean aurkitu dute zuloa, lurretik pare bat metroko altueran, eta bertan zegoen materiala harriz estalita zegoen. Besteak beste, honako ebidentziak aurkitu ditu: mota ezberdinetako zortzi detonagailu, metxa-hondarrak eta Goma motako 2 kilo lehergai zituen poltsa bat.
Aurkikuntza horren aurrean, Ertzaintzak polizia-eginbideak ireki ditu eta Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 4. Epaitegi Zentralera bidaliko ditu elementuak, ekintza kriminaletan erabili zituzten jakiteko dagozkion peritu-azterketak egin ondoren.
Halakoen berri ematearen garrantzia
Zuloaren miaketa Ertzaintzak "argitu gabeko ETAren atentatuak argitzeko" irekita duen ikerketaren barruan egin da. Alde horretatik, gogorarazi du zer-nolako garrantzia duen halako lekuetan bidoiak, baldeak, hozkailuak eta abar aurkitzen direnean horren berri emateak –112 telefono-zenbakiaren bidez edo edozein ertzain-etxetara deituz–, eta ohartarazi du leku horiek ez direla miatu behar, "egoera txarrean dauden lehergailuak egon baitaitezke eta arriskutsuak izan baitaitezke".