Arantzazu eta Mirari Sagarzazu ahizpen proiektua da Kantakerixak Oñatiko kontu zaharrak eta kanta berrixak lana. Hamalaugarren mendetik gaur egunera arteko oñatiarren bizipenak jaso dituzte hamaika kantuz osatutako diskoan. Testuak eta kantuen hitzak osatzeko garaian hitzen bilaketa-lana sakona izan dela aitortu dute biek ala biek; kantuen musika eta doinuak, aldiz, herriko hainbat musikari eta kolaboratzaileren laguntzarekin osatu dituzte.
Proiektua ezagutzera eman
Gaurko emanaldian, herritarrei proiektuaren berri eman eta honen nondik norakoak aurkeztea da bi ahizpen nahia; horri, gainera, zuzeneko emanaldia batuko zaio. Bertan, hitzen esanahiaren azalpena emango dute eta diskoko kanta batzuk zuzenean joko dituzte eta besta batzuk bozgorailuetatik jarri, guztia diskoko parte hartzaileen laguntzarekin. Disko gehienak salduta dauden arren, emanaldian bertan erosteko aukera egongo da, hamar euroren truke.